Garraio astunean dabiltzan kamioiek V23 izeneko argi-seinale islatzaileak eraman behar dituzte derrigorrez, alboetan eta atzealdean, abendutik aurrera. Errepideetako asistentzia arautzen duen 159/2021 Errege Dekretua aldatu dute berriki. Behin 1030/2022 Errege Dekretu berria argitaratuta, betebehar berri hori ezarri zaie garraiolariei.
Orain arte, 3.5 tonatik gorako karga darabilten gurdiek, eta 7.5 tonatik gorako gehienezko pisua, 6 metrotik gorako luzera eta 2.1 metrotik gorako zabalera duten ibilgailu guztiek eraman behar zuten V23 seinale islatzaile hori, baina betebeharra borondatezkoa zen 2011ko uztailaren 10a baino lehen matrikulatutako ibilgailuentzat.
Dena den, arau berriarekin, garraiolari autonomoek bi urteko epea izan dute argiak jartzeko, agindu berria betetzeko, alegia; hau da, 2024ko abenduaren 22rako, argiak jarri behar izan dizkiete kamioiei alboan eta atzean.
Kamioiaren buelta osoan jartzen diren zinta argitsuak dira, luzera eta zabalera osoan. Ibilgailu horiek gauez edo argi gutxiko orduetan errazago ikustea da helburua, bide batez, istripuak saihesteko eta bide-segurtasuna hobetzeko.
Hona hemen adibide batzuk:

Bestalde, 2026tik aurrera istripuak markatzeko triangeluak desagertu egingo dira errepideetatik eta larrialdi argiak erabiliko dira. Trafiko Zuzendaritzarekin lotuta egongo diren eta larrialdiak markatuko dituzten tramankulu argitsu horiek ordezkatuko dituzte orain arte erabili diren triangeluak. 2026tik aurrera, errepidean istripuren bat edo beste gorabeheraren bat izanez gero, argi adimentsu horiek erabiliko dira, batetik errepidean bertan gertaera seinaleztatzeko, eta Trafiko arduradunei telematikoki jakinarazteko, hauek informazio hori ahalik eta azkarren eduki, baloratu eta behar izanez gero zabaldu dezaten.
Trafikoko Zuzendaritzak jada behartu ditu garraiolariak larrialdi-argi horiek eduki eta erabiltzera. 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera debekatuta egongo dira seinaleztapen-triangeluak, Trafikoak ez ditu jada ontzat emango. Argiak, gainera, data horretatik aurrera Trafiko-kontrol zerbitzuekin konektatuta egongo dira, hau da, horien bidez, unean bertan, matxuratutako edo istripua izan duen ibilgailuaren kokapen zehatzaren berri izango dute Trafiko Zuzendaritzan. Horregatik Trafikoko arduradunek konexioa daukaten larrialdi-argiak, V16 balizak, erosteko gomendatzen dute; izan ere, 2026tik aurrera ezingo dira erabili gaur egun oraindik legez indarrean dauden larrialdietako triangeluen ordezko gisa erabiltzen diren argiak. Datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera, Trafikok ez du onartuko, ez konektatu gabeko balizarik, ezta triangelurik ere.
Trafikorekin konekta daitezkeen V16 baliza horiek dagoeneko salgai daude eta eskura daitezke. Gidariek argi baten bidez larrialdiak errepidean fisikoki seinalatzeaz gain, modu birtualean jakinarazten diote gertaera DGTko arduradunei. Analogikoak ez dira legezkoak izango 2026ko lehen egunetik aurrera.