Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Zaldibarko istriputik bi urtera erantzukizun politikoak argitzeko eskatu dute sindikatuek

Zaldibarko kasuan erantzukizun politikoak argitzeko eta azken ondorioetara iristeko eskaera luzatu dute berriro euskal sindikatuak, istripua bete zenetik bi urte pasa direnean. Ezinbestekoa da hori ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuentzat, gertatutakoa salatu eta istripuan hildako langileen senideei elkartasuna adieraztearekin batera. 

Ehundaka lagunek parte hartu zuen igandean otsailaren 6an, Verter Recycling zabortegiko istripuaren bigarren urteurrenean, Ermuan, Zaldibarko kasuan erantzukizunak argitu daitezela eskatzeko egin zen manifestazioan. Zaldibar Argitu plataformak bi hildakoak omendu zituen, Alberto Sololuze eta Joakin Beltran. Azken honen gorpurik ez da aurkitu hondakinen artean. 

Euskal sindikatuek bat egin dute Zaldibar Argitu plataformarekin eta gogoratu dute, hasieratik salatu zutela, peritu txostenen arabera enpresako arduradunak jakitun zirela zabortegian zeuden kalteez, “lurrean pitzadurak zeudela eta kolapsoa gertatzeko arriskua zegoela ere jakin bazekiten, eta txosten teknikoek jarduera gelditzeko gomendatu zieten enpresako arduradunei. Egoera larriaren jakitun izan arren, enpresak ez zuen ezer egin erorketa saihesteko, ez zituzten langileak ohartarazi, ez zuten gailu berezirik jarri eta ez zen ekoizpena gelditu. Katastrofeak bi langile hil zituen”.

Frogatuta da sindikatuen ustez Verter Recyclingek zuzeneko erantzukizuna duela hildako langileen kasuan: horregatik leporatu zizkieten Zaldibarko Zabortegiko hiru arduradunei, Jose Ignacio Barinaga (enpresaren jabeari), Arrate Bilbao (gerenteari) eta Juan Etxebarriari (ingeniari-buruari) bi langileen zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta langileen segurtasunaren aurkako delitua. Arduradunek euren erantzukizuna onartu dute espetxean ez sartzearen truke, eta enpresak biktimen familiei kalte ordain ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa hartu du. “Agerian geratu da, patronalak langileen heriotzetan duen erantzukizun zuzena frogatu arren, diru kopuru baten truke kartzela zigorrak saihestu daitezkeela. Egiaztatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiola patronalari, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko”.

Sindikatuek urteurrenean salatu dutenez, Zaldibarko zabortegiko istripuaren erantzukizuna ezin da enpresara mugatu; “izan ere, administrazio publikoek zuzeneko erantzukizuna dute, ez baitute zaintza eta kontrol lanik egin. Horregatik, garrantzi berezia du erantzukizunak argitzeak, baita politikoak ere”.

Lan istripuen arazoa ere salatu dute sindikatuek: Laneko odolusteak ez du etenik, egiturazko arazo larri baten aurrean gaude. Lan istripuek, urtez urte, gora egiten dute. Horrela, 2021ean gutxienez 62 langilek galdu dute bizia lanean. Enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazio maila handia eta behin-behineko kontratu kopuru altua dira egoera horren atzean dauden faktore nagusiak. “Hala eta guztiz ere, Gasteizko gobernuak oraindik ez ditu segurtasun eta osasun arloko politikak aldatu nahi, agerian den arren politika horiek ez direla eraginkorrak eta ez direla nahikoa ezbeharrak saihesteko”. 

Ingurumena zaintzeko agintarien gaitasun eza ere kritikatu dute sindikatuek: “ingurumen politikek eta hondakinak kudeatzeko politikek klase nagusiek eta haien interesek markatutako bide neoliberal eta ekozidari jarraitzen diote. Politika horiek ez diete, inola ere, herri klaseen premiazko arazoei erantzuten, ez dute lehentasunen artean beren erabakiek eta politikek eragindako drama ekologiko nabarmena, tokikoa zein globala, konpontzea”. 

Sindikatuen ustez, politikak aldatzeko garaia da, “alternatibak ditugu, borondate politikoa besterik ez da falta, bizitza eta osasuna beste guztiaren gainetik jarriko dituen sistema alternatibo bat garatzeko.