Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Zamudion hildako 61 urteko garraiolaria gogoratzeko elkarretaratzea


Eurobots enpresan apirilaren 30ean hil zen garraiolaria gogoratu eta lan istripuak baldintza kaxkarren ondorio direla salatuko dute LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE-Etxalde sindikatuek maiatzaren 5ean, asteartean, goizeko 11.00etan, Zamudioko Ugaldeguren industrialdean dagoen aipatutako enpresan aurrean, “Patronalak eta instituzioak gaixotu eta hiltzen gaituzte, la precariedad mata” leloarekin. “Garraiolariei ez dagozkien lanak egitera behartzen dituzte sarri, zamatze eta hustutze lanak esaterako, askotan segurtasun arauak ere urratzen dituzte, gero eta estuagoa da garraiolarien lana, enpresen presa eta presioa jasatzen dute eta horren guztiaren ondorio dira horrelako gertaera tamalgarriak”.

Robot industrialetan espezializatutako enpresa honetan kamioia husten ari zela hil zen 61 urteko garraiolaria makina batek harrapatuta. Dagoeneko sei garraiolari hil dira aurten euskal errepideetan. Iaz 22 hil ziren, beraz batez beste bi lan-istripu larri gertatu ziren hilero. 

Kasu honetan, aipagarria da hildako garraiolariaren adina: 61 urte. Sindikatuak urteak daramatza 60 urterekin garraiolarientzat erretiro aurreratua eskatzen, adin horretatik aurrera harreta galtzeko, bihotzekoren bat jasan eta, azken finean, istripu bat izateko arrisku handiagoa baitago.

Era berean, enpresek ezbeharrak saihesteko arau eta neurriak bete ditzatela eskatzen dute sindikatuek. Oro har, enpresek sarri urratzen dute lan-osasunari buruzko araudia, eta ondorioak begi bistakoak dira. Ulergaitza da zigorgabetasun oso hori, Osalanek, Ikuskaritzak eta Lan Agintaritzak beste aldera begiratzen dute normalean, eta ez da zigorrik izaten gertaera tamalgarriak gertatzen direnean. Laburbilduz, enpresek ez dute laneko osasun eta segurtasun araurik betetzen, eta Administrazioak beste aldera begiratzen du.

Zamudioko Ugaldeguren industrialdean Eurobots Industrial Machinery Export enpresaren aurrean maiatzaren 5ean goizeko 11.00etan elkartu dira sindikatuak.

https://aikor.eus/zamudio/1777975677513-lab-esk-steilas-hiru-eta-enhe-sindikatuek-lan-istripuen-atzean-dauden-baldintza-kaskarrak-salatu-dituzte