Garraiolaritzak, azken urteetan, ezinezko norabide batetan murgilduta darrai. Ikustea besterik ez da zelako egoerak bizi diren nonnahi eta nork ez. Gero eta maizago ematen diren egoerak dira eta pairatzen dutenak ez dira “kanpotik” etorritakoak bakarrik, bertakoak ere ez gara salbatzen.

Ez da zilegia, inondik inora, 12-14 ordu egunero kamioi batetan sartuta egotea. Zeren egotea, lan egitea da, bestela etxean egongo bainintzen.

Ez da zilegia ere, kargadorearen aginduz eta txantaia erabiliz zama lanak garraiolarien eskuetan gelditzea.

Ez luke normala izan behar muga pasatzeko orduak eta orduak ematea, ilera amaigabe batetan harrapaturik. Bertan ez dago ez gelditzeko gunerik, ez komunik, ezta ezelako zerbitzurik ere.

Udalen zirkulazio-zerga ordaintzen dugu, baita gasoleoari dagokiona ere. Edozein herritarri dagokiona ere ordaintzen dugu, eta gainera guri bakarrik dagokigu N-Ieko bidesaria pagatzea. Ezin da izan zilegia.

90 egun itxarotea kobratzeko zor digutena, zilegia ote da?

Zenbat neke, zenbat stress, zenbat egonezin lan baten ordez.

Jarraitu ahal nuen egoera latz honen deskribapena eginez. Jarraitu ahal nuen azaltzen atal ekonomiko honen prekaritatea azaleratzen. Baina oraingoz salatzera noa.

Garraiolariok gero eta sakonagoa den prekaritate egoera batetan bizi gara. Egun batzuk dira, istripu bat tarteko, beste garraiolari bat hil dela. Lan istripu bat, ez trafiko istripu bat. Noiz arte pairatu behar ditugu halako egoerak?

Sarritan eskatzen dugu administrazioak parte hartu behar duela eta egoera honi irtenbide bat eman. Ez zaigu arrazoirik falta, baina antza denez ez da nahikoa. Gure eskuetan ere badago zer eginik, zer esanik. Esatetik egitera pasatzeko momentua heldu da, akaso.

Oraina gurea den heinean, gurea izango da etorkizuna. Bestela jai daukagu.

Batuz, mintzatuz, eztabaidatuz, har ditzagun gure erabakiak. Aurrera begira dezagun, ezin gara etengabe zalantzetan bizi.

Gurea da gure geroa, ez inona.

Aurrera bolie!!!