61eko garraiolari bat hil zen igandean, hilaren 4an, Oiartzungo Lanbarren industrialdean, Transportes Insaustin lanean hasi aurretik ondoezik sentitu ondoren. Aipatzekoa da joan den asteko asteazkenean beste garraiolari bat kiskalita hil zela zisterna-kamioi baten eta bi autoren arteko istripu batean, A1 errepidean, Agurain parean. Kamioiaren kabinak su hartu zuen, eta gidaria hil egin zen.
LAB, ESK, STEEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan Lanbarrenen hildako garraiolaria gogoratu eta omentzeko eta, aldi berean, horrelako ezbeharrak gehienetan garraiolarien lan baldintza kaskarren ondorio direla salatzeko. Garraiolarien adinak eta nekeak hil egiten dute. Aste berean, adin bereko 61 urteko bi garraiolari hil dira seguraski arazo kardiobaskularren ondorioz.
Aipatzekoa da hildako garraiolariek 61 urte zituztela. Hiru sindikatuak urteak daramatza 60 urterekin erretiro aurreratua eskatzen, arrisku handiko lanbidea baita, ez soilik garraiolarientzat. Baita errepideetako gainerako erabiltzaileentzat ere. Baina Administrazioak beste aldera begiratzen du, eta ez du laguntza nahikorik ematen jarduera aldez aurretik uzteko.
Halaber, garraiolarien artean bihotzeko arazoen intzidentzia handia dagoela azpimarra daiteke. Garuneko isurien eta diabetesarekin batera, bihotzekoak dira garraiolarien osasun arazo larrienak. Enpresek eragindako presa eta presioek ondorio latzak dituzte. Ordutegi estu horiek, estresak, gehiegizko pisua duten kargak, egun ordaintzen diren prezio baxuak, lanaldi luzeak, ez dagozkien zamalanak eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dute garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere, kasurik okerrenetan. Prekarietateak eta nekeak hil egiten dute.
Iaz hamaika garraiolari hil ziren lan-istripuetan, ia bat hilero. Aurten hil den seigarren garraiolaria da. Batez beste bat hiltzen da hilero. Apirilean bi hil ziren egun berean, eguneko lehen orduetan lanean ari zirela, bata goizaldeko ordu bietan eta bestea goizeko 07:00ak baino lehen. Gaueko lanari gidatze ordu ugariak, kabinako atsedenaldiak kasu askotan, edota ez dagozkien zamalanak gehitu behar zaizkio.
Sindikatuak egiaztatu du garraio zerbitzuak kontratatzen dituzten bezeroen presak eta ondorioz garraiolariei egindako presioak ondorio mingarriak izaten dituela, hau da, desorduetan lan egiteak, ahalik eta pisu handienarekin kargatzeak edo sektoreko tarifa baxuek eragin handia dute garraiolarien osasunean eta istripuen kopuruan.