Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

63 urtetik gorako garraiolariek eska dezakete garraioa uzteagatik laguntza

Ekainaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dute jarduera uzteko asmoa duten garraiolari autonomoek Madrileko ministerioak ematen duen laguntza. Bada berrikuntzarik aurten: erretiroa hartzen dutenen artean banatu beharreko kopurua bikoiztu egin da 20 milioi eurora arte, eta 63 urte dituzten garraiolariek eskatu ahal izango dute laguntza, adin hori deialdia BOEn argitaratzen den unean, maiatzaren 13an, beteta dutenek, alegia. Lehen 65 urte behar ziren. Jaurlaritzak ere onartuta dauka laguntza; dena den, hemen ehuneko 5eko igoera besterik ez dute onartu, ez da aurrekontua bikoiztu alegia.

«Errepideko garraioaren sektorea hobetzeko neurrien programan» sartutako aurrekontu-partida bikoiztu egin da, Madrilen, 2021ean banatutako 10 milioi euroetatik. Interesatuen bete beharrekoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: 63 urteko gutxieneko adina, edo ezintasun iraunkor absolutua edo osoa; azken 10 urteetan etenik gabe Gizarte Segurantzako langile autonomoen erregimenean alta emanda egotea eta gehienez salgaien garraio publikorako 3 baimen izatea; garraio baimenei uko egitea eta jarduera uzteko konpromisoa hartzea. Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako betebeharren ordainketan egunean egotea ere eskatzen da, eta baita ministerioaren webgunean kontsultatu ahal izango diren beste zenbait baldintza. https://www.mitma.gob.es/transporte-tierra/ayudas-y-subvenciones/ayudas-y-subvenciones-a-transportistas/ayudas-al-abandono #abandono1

Jarduera uzteko eskabideak eta espedienteak telematikoki egin beharko dira, Ministerioaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://sede.mitma.gob.es/SEDE_ELECTRONICA/LANG_CASTELLANO/OFICINAS_SECTORIALES/TTE_CTRA/AYUDAS/AYUDAS_ABANDONO /

Esan bezala 20 milioi euro banatuko dira gehienez onuradun guztien artean. Batetik, 30.000 euro emango zaizkie garraio publikoko baimen bakoitzeko. Eta onuradunak 65 urte baino gutxiago baditu, 5.300 euro hirurogeita bost urte betetzeko falta zaizkion sei hilabete bakoitzeko. Seihilekoak 2022ko ekainaren 1etik aurrera zenbatuko dira. Ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortu zaien onuradunek ez dute inolako zenbatekorik jasoko kontzeptu horrengatik, adina edozein dela ere.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hilabete igaro ondoren, jasotako eskaeren zerrenda argitaratuko da Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren web-atarian, eta zerrenda horrek onartuen behin-behineko zerrenda gisa funtzionatuko du ebazpena eman arte.