Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Barakaldoko IKEA makro-dendako banatzaileen lanuztea baldintza duinak eskatuz

ADER enpresarentzat lan egiten duten 50 garraiolari inguruk lanuztea abiatu dute gaur goizean lan baldintza duinak eskatuz. IKEA altzari eta dekorazio denda handiarentzat lan egiten dute, etxez etxe Barakaldoko makro dendan salerositako produktuak banatzen. Esan bezala banaketa lanei uko egin eta geldi daude gaur goizetik, lan-baldintza hobeak aldarrikatuz. Garraiolari horiek aurretik ere salatu dituzte lan baldintza kaxkarrak, egunean 10 ordutik gorako lanaldi luzeak eta soldata urriak. 

Langileak goizeko 6etatik ADER enpresaren aurrean kontzentratuta egon dira Santurtzin, negoziatzen jarraitzen dute eta ez dute baztertzen protesta Barakaldora, IKEA, altzari eta dekorazio makro dendara eramatea. 

Garraiolariek hainbat aste daramatzate lan-baldintza duinak aldarrikatzen, baina enpresa ez da aurreko negoziazioan adostutako baldintzak betetzen ari. Banatzaileek jasotzen dituzten eguneroko tarifak hobetzea onartu zuen, baina ez da nahikoa. Lan gehiago agintzen die orain, gehiegi banatzaileen ustez. Egoera irauli nahi dute, duintasuna aldarrikatzen dute, lan-baldintza hobeak.