Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioiek bidesaria ordainduko dute Bizkaiko beste hiru errepidetan uztailak 1etik aurrera

Bizkaiko Foru Aldundiak beste hiru errepidetan jarri die bidesaria kamioiei uztailaren 1etik aurrera. Beraz Bizkaiko autobia nagusi guztietan ordainduko dute garraiolariek. Arku-sistemaren bidez, uztailaren 1etik automatikoki kobratzen zaie 3,5 tonatik gorako ibilgailu astun guztiei, Kanpazarreko portuan, Txorierriko korridorean eta A8an, Kantabriako mugaraino. 2023ko urtarriletik ordaintzen zuten jada N240 eta BI625 errepideetan, Barazar eta Urduñako mendateetan, hurrenez hurren.

Argi dago Bizkaiko Aldundiak garraiolariak erabiltzen dituela dirua biltzeko, Aldundiko ordezkariek hori behin eta berriz ukatu arren. Aipagarria da tarifak garestiak direla ere, 12 euro Larrabetzutik Kantabriako mugaraino, adibidez. Horrek kezka eragiten dio garraiolariari, tarifak eguneratu behar baititu, eta prezioa igo, gastu berri hori fakturetara pasa. 

Behin bidesarien bigarren fasea abian jarrita, uztailaren 1etik aurrera, noranahi doazela ere, bidesaria ordainduko dute Bizkaiko garraiolariek errepide nagusi guztietan. 3,5 tonatik gorako kamioiei kobratzeko arku-sistema lurraldeko bide-sare osoan dago ezarrita. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera bitxia da; izan ere, esku batekin “garraioaren sektoreari laguntzeko” neurriak onartzen ditu, eta, bestearekin, bigarren mailako errepideetan bidesariak jartzen dizkie baldintza oso estuetan lan egiten duen garraiolariari. Hain juxtu, beste hiru errepidetan bidesaria abian jartzeko data, gurpilak aldatzeko diru-laguntza ordaindu zuen egun berean iragarri zuen Aldundiak. Esanguratsua. 

Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak eman zuten EAJren asmoen berri, zera azpimarratuz, 2023an ezarri zenetik kamioi handien trafikoa “nabarmen” murriztu dela, %30 eta %39, hurrenez hurren, BI625ean Urduñan eta N240an Barazarren. Helburua bi errepide horietako kamioi kopurua murriztea bazen, oso erraza zuten: nahikoa izango zen kamioiei autopistako bidesaria kentzea. Baina argi dago dirua biltzeko grina.

Aurkezpenean, Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak azaldu zuen proiektuaren helburua dela “zirkulazio astuna eskualdatzea eskualdeko errepideetatik edukiera handiko korridore eta bide handietara, ibilgailu astunak udalerrietako hiriguneetatik igarotzea murriztuz, eta horrek ingurumenean eta bizilagunen segurtasunean eragitea”. Datuek berresten dute, kamioi gehienak autopistatik doaz orain. 

Bizkaiko Foru Aldundiko azpiegituren arduradunak sarriegi esan du ez dagoela bilketa-ahaleginik, ez ezarritako bidesarietan, ez datozenetan, “ez bada trafikoa berrantolatzeko beharra, garraio astuna gaitasun handiko beste bide batzuetara bideratuz gainezka daudenen pilaketa arintzeko”. AP8tik eta Supersurrera eraman nahi dituzte kamioiak, “horiek ere ordainpekoak”, baina “erosoagoak” eta bidesariarekin beste bide horiek saihestu: A8 Kantauriko autobidea eta BI10, Basurtutik Hagaraino (Kantabriarekiko muga), 20 km guztira; N636 Beasain-Durango, Kanpazarren, Gipuzkoako mugatik Durangoraino; eta, azkenik, BI30 (lehengo N637), Txorierriko korridorea, Gurutzetatik Erletxeetara, beste 20 km.

Ez dago dirua biltzeko gogorik…
Argudio soilegiak dira horiek garraiolariak limurtzeko. Helburua benetan errepide horiek arintzea eta kamioiak autopistara bideratzea balitz, nahikoa izango litzateke bidesaria kentzea mota horretako ibilgailu astunentzat. Era berean, ez dute oso ondo ulertzen ezarpena bi hilabete aurreratzeko erabakia, “garraiolariak ordainketarekin ohitzen joan daitezen”. Jokabide bitxia eta ulergaitza.

Bidesaria irailean jartzea zuten aurreikusita, izan ere, udan behera egiten du kamioien zirkulazioak bide horietan, baina, uztailera aurreratzea erabaki dute, “kamioiak errealitate berrira ohitzen joan daitezen”. Horrela, uda ostean, lanean gogor hasterako, Bizkaia zeharkatzean zer daukaten barneratuta izango dute.

Deskontuak
Bi eratako laguntza bateragarriak izango dituzte garraiolariek bidesaria ordaintzeko. Batetik asko erabiltzen dutenek erabilera-maiztasunaren arabera; eta horri Euro motor eraginkorragoa duten ibilgailu berriena gehituko zaio. Nolanahi ere, beherapena eskuratu nahi dutenek derrigorrez OBE/VIA.T aparatua izan behar dute eta ibilgailuaren baimen guztiak egiaztatuta. 

Maiztasunari dagokion deskontua, soilik garraiolarientzat da, %13koa, hilabetean gutxienez 160 aldiz pasatzen direnentzat. Hilero ordainduko da Via-T aparatuari lotutako kontuan. 

Bestalde, kamioi berriek gutxiago ordainduko dute bidesarietan, motorraren eta isurien arabera. Laguntzak %15ekoak dira EURO 5 ibilgailu astunentzat, %20koak EURO 6 ibilgailu astunentzat eta % 25ekoak ibilgailu astun elektriko, hibrido eta gasa darabiltenentzat edota 0 eta ECO etiketa duten ibilgailuentzat.

Tarifak
Ibilgailuaren tonen arabera aldatu egingo da bidesariaren prezioa. Bi motatan banatzen dira funtsean, 3,5 eta 12 tona artekoa dutenak, Astunak I eta 12tik gorakoak, Astunak II. 

Tarifak A8 eta BI10 errepideetan
Basurtutik (119,500 kilometro-puntua) Hagaraino (139,219 kilometro-puntua) 


N636 errepideko tarifak
Beasain-Durango errepidean Kanpazarren, N636 errepidea Gipuzkoarekin muga egiten duen puntutik (34,980 kilometro-puntua) Durangoraino (49,350 kilometro-puntua).


BI30 errepideko tarifak:
BI30 (lehengo N637), Erletxe eta Gurutzeta artean (8,000 eta 28,180 kilometro-puntuak).