Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Etzegaraten hildako Olaztiko garraiolaria gogoratu dute sindikatuek Iruñean

Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuek elkarretaratzea egin dute asteazkenean, uztailaren 3an, 11:00etan, Iruñeko San Ignazio kalean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, aurreko astean Etzegarateko istripu larrian hildako garraiolaria gogoratzeko eta Nafarroako errepideetako lan ezbehar kopuru handia salatzeko, “Lan istripu gehiagorik ez; prekarietateak hil egiten du” lelopean.

Olaztiko Sergio Gastaminza 44 urteko garraiolaria aurreko astean hil zen Idiazabalen, Etzegarateko mendatean, N1 errepidean, jasan zuen zirkulazio-istripu larriaren ondorioz. Nafarroan gertatu dira aurten garraiolarien istripurik larrienak Errepidean urtarriletik lan-istripuz hildako 9 garraiolarietatik 5 nafarrak ziren. 

2024. urtea bereziki tragikoa izaten ari da Euskal Herrian errepidean hil diren garraiolarien kopuruari dagokienez. Hilero hildako garraiolarien batez besteko dramatikoa gainditzen ari da aurten. Azken urteotan hilero bat hil da. Aurten, ekainerako 9 izan dira, ohi baino % 50 gehiago. Horietatik bost nafarrak dira. Urtarrilaren 17an garraiolari bat hil zen Cadreitan; apirilean bi, Lleidan, 14an eta Arren, 22an; maiatzaren 13an, beste bat, Ejea de los Caballerosen; eta azkena, joan den astean, asteazkenean Etzegaraten izandako istripuaren ondorioz. 

Patatak banatzen zituen Olaztiko enpresa batean egiten zuen garraiolariak, bi seme-alaba zituen; oso pertsona ezaguna eta konprometitua zen herri honetako eta inguruko kultur jarduerekin. Nafarroa Baiko kultura zinegotzia ere izan zen 2010eko uztailera arte, txarangetan eta fanfarretan jotzen zuen, baita Sakanako Haize Berriak bandan ere.

Deigarria da Nafarroako lan-ezbeharren estatistika: hildako hamar langileetatik zortzi errepidean gertatu dira, eta bost garraiolariak izan dira.

Hiruk, beste sindikatu batzuekin batera, behin eta berriz salatu du lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Ordutegi estuek, estresak, gehiegizko pisua duten kargak, sektoreko prezio baxuak, lanaldi luzeak, ez dagozkien zamalanak eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dute garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere, kasurik okerrenetan. Azken finean, prekaritatea, lan baldintza gogorrak, daude heriotza horien atzean. Lotura zuzena dago lan istripuen eta sektoreak oro har bizi duen egoera txarrarekin.

Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetzen: irabazi eta etekinak lehenesten dituzte, langileen bizitza eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez ditu enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten beharrezko neurririk hartzen. Ondorio behar-beharrezko baliabiderik ez da: ez dago ikuskatzaile nahikorik, eta arau-hausteak ez dira zigortzen.

Administrazioak beste era batera aurre egin beharko lioke garraioaren sektoreko ezbehar-tasa handiaren arazoari: Alde batetik, kontuan hartu gaixotasun kardiobaskularrek sektorean duten garrantzia, lan-istripuen prebentzio arauak finkatzerakoan; Eta bestetik, istripuak izaten dituzten garraiolarien adina, gehienek 60 urte baino gehiago dituzte, eta, horregatik, duela urte askotatik eskatzen ari gara garraiolariei aitortzeko 60 urterekin erretiratzeko aukera. Oraingoan salbuespena izan da, hildakoak 44 urte baitzituen.