Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Asotrava eta Hiru, batera, kamioiei jarritako bidesariaren aurka, asteazkenean, Gernikan

Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean elkartuko dira Asotrava eta Hiru garraiolari autonomoen elkarteetako ordezkariak, peajeen aurkako plataformetakoekin batera, kamioiei jarriko zaien bidesariaren aurkako jarrera adierazteko, asteazkenean uztailaren 20an goizeko 8.30etatik aurrera. Hain juxtu, asteazkenean bilduko den Batzar Nagusien osoko bilkurak argi berdea emango dio kamioiei lurralde horretako bost errepidetan bidesaria jartzeko egitasmoari. 

     Bidesari horren aurka jarduteko bat egin dute Asotrava eta Hiru Euskal Herriko garraiolarien elkarteekin batera Kantabriako elkarteek ere, ASEMTRASANek, esaterako. Behin eta berriro salatu dute elkarteek, batetik, egitasmoaren helburu nagusia diru bilketa dela, kontu publikoen defizit orokorrari aurre egiteko, zulo hori estaltzeko, alegia; eta gainera neurri baztertzailea dela, bestetik, ez delako errepideen erabiltzaile guztientzat jarri; juxtu kontrakoa, errepideko garraio astuna soilik jartzen da jomugan, Bizkaiko eta Bizkaia inguruko garraiolariek galduko dute lehiakortasuna . “Bidesaria ez du noizean behin pasatuko den kanpoko garraiolariak ordainduko, egunero errepide horietan barrena dabilen gure garraiolariak, baizik”. Erabakia, gainera, une jasangaitz batean etorriko dela salatu dute garraiolariek, erregaien prezio altuek eragindako krisi garaian, gainera. 

     Bizkaiko ordezkari politikoei, garraioa zigortu beharrean lagundu dezatela eskatzen diete garraiolariek, gizartearentzat ezinbestekoa bada, horrelako erabakirik ez hartzeko.

Kamioiei Bizkaian jarri nahi zaien bidesariaren aurkako protesta
Asteazkenean, uztailaren 20an, goizeko 8.30etatik 10.00etara. 
Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, Gernikan
AP8, AP68 eta A636an Peajerik Ez plataformak, Asotrava eta Hiru