Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Errepidean hil den azken garraiolaria gogoratuko dute euskal sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Hiru eta ENHE sindikatuetako ordezkariek berriro ere publikoki salatuko dute lanean ari zela, langile bat hil dela, kasu honetan, 56 urteko Barakaldoko garraiolaria LR124 errepidean Errioxako San Vicente de la Sonsierra herriaren parean. Otsailaren 14an, astelehenean, goizeko 5.40an gidatzen zuen kamioia errepidetik kanpora atera zen.

Carnes Erdellako langilea zen garraiolaria eta enpresa honek Larrabetzun daukan egoitzaren aurrean bilduko dira sindikatuak, prekaritatea eta lan istripuek eragindako heriotzak salatzeko, ostegunean otsailak 17, eguerdiko 12.00etan.  

Aipagarri dira zenbait kontu. Urtero lan istripuetan hildakoen estatistika latza izan ohi da eta aurten are latzagoa tokatu zaio Barakaldoko herriari urte hasieratik hilabete eta erdian hil diren 8 langileetatik 3 herri honetakoak izan baitira. Barakaldon, asteazkenean, arratsaldeko 19.00etan egingo dute elkarretaratzea, “lan istripurik ez, lan prekaritateak hil egiten du” leloarekin, Bide Onera plazan. 

Sindikatuek, nabarmendu dute, sarri garraiolarien istripuak ez direla lan istriputzat jotzen, errepide istripuen zenbakien atzean gordetzen saiatzen dira. Kasu honetan ere, agintariek, Madrileko Gobernuak Errioxan duen ordezkaritzak, kausa naturala ikusi du heriotzaren eragile. Oker dabiltza. Garraiolarien istripuak lan istripuak dira, zalantzarik gabe. Gehienak lan baldintza kaskarren ondorio. Hamaika garraiolari hil ziren errepideetan 2021ean, ia bat hilero.

Sarri aipatzen dute agintariek garraiolariek ezinbesteko lana egiten dutela, oinarrizkoak direla, behar beharrezkoak, baina, gero benetan, garraiolarien lan baldintzak, segurtasuna eta osasuna bost axola administrazioari. Garraio merkea lehenesten dute horren guztiaren aurretik. 

Elkarretaratzea
Osteguna, otsailak 17, eguerdiko 12.00etan
Carnes Erdeilla     Larrabetzun 
Sasine industrialdean 2. eraikina
Lan istripurik ez. Prekaritatea hiltzailea