Bi garraiolari hil dira astelehen eta asteartean Arabako errepideetan euren kamioiak iraulita. Astelehenean, 39 urteko garraiolaria goizeko 7:00ak aldera Ap68 autobidean, Zanbrana parean; ibilgailua irauli eta errepide bazterrean geratu zen etzanda. Asteartean, goizaldeko ordubiak aldera, bestea Ap1ean Errinerabeitia parean; Eibar aldera zihoan ibilgailua errepidetik atera eta amildegian behera erori da. Bi lan istripuak salatzeko Hiru sindikatuak deia luzatu du LAB, ESK, STEEILAS eta EHNErekin batera, ostiralean, goizeko 11.00etan Gasteizen elkartzeko, Korreos ondoan, SEA, Arabako Enpresarien Elkartearen parean.
24 ordutan hil den bigarren garraiolaria da. Hiru sindikatuak salatu du berriro agerian dela garraiolarien lan-baldintza txarrek ondorio lazgarriak dituztela. Enpresek eragindako presak zein presioek, eta sektoreko lan-baldintza kaxkarrek ondorio latzak dituzte. Bien bitartean, Administrazioak beste aldera begiratzen du, eta ez ditu arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzen.
Ordutegi estuek, estresak, gehiegizko pisua duten kargak, sektoreko prezio baxuak, lanaldi luzeak, ez dagozkien zamalanak eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dute garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere, kasurik okerrenetan. Bien bitartean, kasu horietako askotan, Administrazioak ezkutatu egiten ditu lan-istripu horiek, eta ez ditu estatistika ofizialetan kontutan hartzen, trafiko-istripu edo heriotza natural gisa baizik.
LAB eta ELA sindikatuek ere antzeko adierazpenak egin dituzte eta gertatutakoa kritikatu dute. LABek «garraioaren prekarietatearekin behingoz amaitzeko» eskatu du, kontutan izanik “sektore hori dela ezbehar gehien paisatzen duenetako bat”. Gogorarazi du honelako istripuak lan-baldintza txarren, prebentzio eta segurtasun neurri faltaren ondorio direla. “Ez gara inoiz nekatuko hori salatzen», gehitu du LABek, eta nabarmendu du iaz hamaika garraiolari hil zirela lan-istripuz.
ELAk, bere aldetik, adierazi du «garraio-sektoreko langileen lan-baldintza gogorrak zuzenean eragiten ari direla sektoreko ezbehar-tasan, eta, zoritxarrez, gero eta ohikoagoak direla garraiolariek pairatzen dituzten istripuak, prekarietatearekin lotura estua baitute».
Kamioia bide bazterrean etzanda, Zambrana parean AP68an.