Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolaria hil da Leizarango autobidean

Kamioi baten gidaria hil zen abenduaren 15ean goizean Andoainen (Gipuzkoa), matxura batek eragindako istripu batean, ibilgailuak su hartuta, Ertzaintzak jakinarazi eta Berria egunkariak argitaratu zuenez. Beti ere egunkariak argitaratuaren arabera, arazo bat izan zuen balaztekin, eta A-15eko frenatze gune batean sartu behar izan zuen. Aurten hildako hamahirugarren garraiolaria da, sindikatuen arabera. Hona istripuaren kontaketa:

08:00etan izan da istripua, A-15ean, Donostiarako norantzan, Andoainera iritsi aurretik dagoen frenatze bidean. Kamioiak beste bi kamioi buru zeramatzan. Maldan behera zihoala, arazoak izan ditu balaztekin, eta, ondoren, su hartu du.

Suhiltzaileek sua itzali ondoren, kamioiaren kabinaren barruan aurkitu dute gidariaren gorpua.

Bestalde, LAB sindikatuak jakinarazi du urrian lanetik etxerako bidean zihoala auto istripua izan ostean zauritu zen Papelera Zikuñagako (Hernani, Gipzukoa) 23 urteko langilea abenduaren 12an hil zela, istripuak eragindako lesioen ondorioz.

Bi horiek gehituta, Euskal Herrian gutxienez 68 langile hil dira aurten, sindikatuen zenbaketaren arabera. Hamahiru garraiolariak ziren.

Lan heriotzak salatzeko, gehiengo sindikalak mobilizazioa antolatu du ostiralerako, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean, 11:00etan.