Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolariei ez die bidesarien dirurik itzuliko Gipuzkoako Foru Aldundiak

Hiru sindikatuko garraiolari autonomoek ez dute ulertzen Gipuzkoako Foru Aldundiak atzera bota ziren bidesarien itzulketaren inguruan daukan jarrera. Bidegiko arduradunek esan dutenez ez dute garraiolarien erreklamazioei jaramonik egiteko asmorik, beraz ez dute A15 eta N1 errepideetan kamioiei 2018tik bidegabeki kobratutakoa itzuliko. Bidesariaren kobrantza baliogabetu egin zuten auzitegiek.

Gipuzkoako errepideetan kamioientzako bidesariak ezarri zirenean agerian geratu zen dirua biltzeko grina eta premia zuela Aldundiak. Orain ikusi da ez dagokien diruarekin geratzeko grina ere badaukatela.

Garraiolari autonomooi arduragabekeria iruditzen zaigu epai judizialei muzin egitea. Uste dugu 2018ko hasieratik irregularki kobratutako kopuruak automatikoki itzuli behar lituzketela, eta itzulketa ofizioz egin behar zitzaiela garraiolari guztiei, datu guztiak baitituzte, automatikoki kobratu baitzieten horretarako jarritako arkuetatik igarotzen ziren bakoitzean. Automatikoki itzultzeari uko egin zioten, banaka egindako erreklamazioei bakarrik erantzungo zietela esanez, eta orain jada esaten ari dira ez dituztela aintzat hartuko; horregatik auzitegietara jo beharko dute.

Hiruko garraiolariek 123 erreklamazio aurkeztu dituzte Aldundiaren Egoitza Elektronikoan, guztira 600.000 euro inguru eskatu dituzte azarotik, bidesaria baliogabetzen zuen epaia eman eta urtebeteko epean. Erreklamazio guztiak ezetsi egin direla esan dute. Hiru sindikatuko kaltetuetako batek ere ez du, ordez, oraingoz erantzunik jaso.

Hiruk kritikatu du kostu handia eragiten ari dela Foru Aldundia eta Bidegi bere jarrera    arduragabe eta kudeaketa txarrarekin; behin eta berriro auzitegien epaiei muzin egin eta bereari eutsi dio. Azken batean, Gipuzkoako herritarrek ordaindu beharko dituzte 2018ko urtarrilean hasitako bidegabekerien ondorioak: sistema martxan jartzeko arku eta beste medioetan egindako inbertsioak, kontratatutako langileen gastuak, prozesu judizial guztien kostuak, kobrantza irregularren eta gainkarguen itzulketak, eta abar. 

Hiruk behin eta berriz eskatu du diputazioak behin betiko uko egin diezaiola kamioientzako bidesari-sistemen bidez dirua biltzeari. Errepideak ondasun publikoak dira, eta garraiolariek funtsezko lana egiten dute gizartearentzat eta enpresentzat. Beraz, guztion diruarekin finantzatu beharko lirateke. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hilabete batzuk barru eta errepide horien zati guztietan kobratuko du berriro. Batetik, epai judizialak dira, bete beharrekoak; bestetik, diru publikoa dago jokoan;  eta kaltetuak “funtsezko” eta “ezinbesteko” zerbitzu publikoa egiten duten garraiolariak dira. Hauek ez dute zalantzarik, itzulketa automatikoa eskatzen jarraituko dute eta ezezkoa jasoko dutenez, auzitegietara joko dute.