Albiste txarrak datoz berriro, kasu honetan Lleidatik. Aurreko astean, Rafa Tirapu 58 urteko garraiolari nafarra hil zen kataluniako herrialde horretan, kabina barruan zela, iktus edo bihotzeko baten eraginez. Agerraldi, protesta eta omenaldia egingo du Hiruk LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta CGT sindikatuekin batera, asteazkenean goizeko 11.00etan Iruñean, Merindadeen plazan, Madrileko Gobernu ordezkaritzaren aurrean. Prekaritateak, lan baldintza kaxkarrek, hil egiten duela salatuko dute euskal sindikatuek bertan. Sei dira jada aurten errepidean hil diren garraiolariak. Urteko lehen hilabeteotan markak hautsi dira. Izan ere, hilero garraiolari bat hiltzen da bataz beste eta apirilerako sei hil dira aurten.
Nabarmentzekoa da bizia galdu duen gidariaren adina: 58 urte. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Egoera hori arriskutsua da, bai garraiolarientzat eurentzat, eta baita errepidearen gainerako erabiltzaile guztientzat ere.
Adin batetik aurrera, nekea, arazo kardiobaskularrak eta beste zenbait osasun arazo areagotu egiten dira, arreta galdu daiteke eta, ondorioz, istripua izateko arriskua handitzen da. Horregatik guztiarengatik, aspalditik ari da eskatzen Hiru, 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezatela garraiolariek, arriskutsutzat jotzen diren beste jarduera batzuetako profesionalek bezala.
Elkarretaratzea, HIRU, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta CGT
Patronalak eta Instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte
Iruñean, Merindadeen plazan, Madrileko Gobernu Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean
Asteazkena 17, goizeko 11.00etan