Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioirik gabeko protestaldiak Lakuan eta Bilbon

Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean elkartuko dira, asteazkenean, Hiruko garraiolari autonomoak, kamioirik gabe, garraioan baldintza duinekin lanean jarraitu ahal izateko agintarien bultzada eskatzeko.  

Goizeko 10.00etatik aurrera, garraiolari autonomoak Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Lakua auzoan duen egoitzaren inguruan egongo dira, eta beren proposamenak Garraio Saileko arduradunei helarazten saiatu. Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailarekin bilera eskatu du berriro Hiruk, euskal garraio-sarearen biziraupena ahalbidetzeko eta garraiolari autonomoen desagerpena saihesteko beharrezko neurriak har ditzaten eskatzeko. 

Ostegunean Hiruren protesta Bilboko erdigunera iritsiko da. Eguerdiko 12.00etan garraiolariak oinez abiatuko dira Moyua plazatik, Confebasc eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik pasatuko dira, biak Diego Lopez de Haro Kalean kokatuak, eta protesta Jesusen Bihotza plazan amaituko dute. Euskal enpresarien elkartearen egoitzaren aurrean, tarifen egokitzapena bultzatzeko eta errazteko eskatuko dute garraiolariek, hau da, gastuen aldaketen arabera berrikusteko eskaerak onartu ditzatela. Eta administrazioari, berriz, garraioa gizartearentzat eta enpresentzat funtsezko jarduera dela benetan aintzat hartu dezatela, eta, beraz, garraioari laguntzeko neurriak hartu ditzatela.  

Hiruko garraiolariek lanuztea hasi zutenetik bigarren astean dira; kostuen azpitik inork ez dezala lanik egin ari dira aldarrikatzen, eta baita tarifak gastuen igoeraren arabera berrikusteko, kooperatiba faltsuen, postontzi-enpresen, azpikontratazioen eta garraioa merkatzen duten gainerako praktika irregularren kontrola, zamalanen debekua, 60etarako erretiroa edo gaixotasun profesionalak pairatzen dituztenentzako laguntzak, ere, besteak beste. 

Garraio duinaren aldeko kontzentrazioak 

Asteazkena 23, goizeko 10.00etan, Eusko Jaurlaritzaren atean, Lakuan, Gasteizen.
             Hiruko arduradunek adierazpenak goizeko 11: 30ean egingo dituzte 

Osteguna 24, goizeko 12.00etan, Moyua plazatik Bilboko Jesusen Bihotza plazaraino, oinez,                                    Diego Lopez de Haro Kalean Confebasc eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzetatik igarota. 
            Hiruko arduradunek adierazpenak 11: 45ean egingo dituzte, ibilaldia hasi aurretik.