Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Larunbat gauean N1a itxi egingo dute Ordizian bidesaria kobratzeko arkua jartzeko

Asteburu honetan Bidegi foru agentziak AT Sistemako lau arku berrietatik lehena jarriko du N1 errepidean, Ordizian. Arkuburua lekuz aldatu eta muntatzeko lanak direla eta, errepidea itxi egin beharko da bi noranzkoetan, uztailaren 9tik 10era, larunbatetik igandera, gaueko 22:00etatik goizeko 5:00etara. Mozketak 1,6 kilometroko zatiari eragingo dio, Ordizia hegoaldeko 420 lotunetik Ordizia iparraldeko 422 lotunera. 

Bidegik, ahal den neurrian, puntu horretako joan-etorriak aurreratzea edo atzeratzea gomendatzen du itxierarekin bat ez etortzeko. Alternatiba gisa, bi noranzkoetako ibilgailu arinak GI2133 errepidetik eta Ordiziako erdigunetik desbideratuko dira, N1 errepidera berriro itzultzeko. Arabatik edo Nafarroatik Behobiarako noranzkoan datozen ibilgailu astunek Etzegarate saihestu beharko dute, eta Altsasuko lotunean A10 eta A15 autobideetatik Andoainera heldu. Gipuzkoatik Arabara eta Nafarroara doazenek ibilbide bera egin beharko dute alderantzizko noranzkoan. AP8/AP1 autobidetik ere zirkulatu dezakete.

Kamioiak mozketa-gunera hurbiltzen badira, Mallutzeko industrialdean eta Ordiziako N-I errepidera sartzeko adarretan geratu beharko dute lanak amaitu eta errepidea berriro zabaldu arte. Itxiera, N1, A15, AP8, AP1 eta A636 errepideetako mezularitza aldakorreko paneletan iragarriko da, eta desbideratzeak behar bezala seinaleztatuta egongo dira. 

Arkuak Etzegaraten, Andoainen, Astigarragan edo Beasainen daudenen ezaugarri berberak izango ditu: ia 30 metroko luzera eta 16 tonatik gorako pisua duen egitura. Matrikulak irakurtzeko eta ibilgailuaren jarraipena egiteko 12 kamera izango ditu argi infra-gorriarekin, 6 noranzko bakoitzean, eta 12 antena TAGak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko, baita 6 noranzko bakoitzean ere. Era berean, 6 laser-detektagailu izango ditu, hiru noranzko bakoitzeko, eta horiek egingo dute ibilgailuak sailkatzeko detekzio bolumetrikoa.

Aurreikuspenen arabera, arku honen ondoren, abuztuaren amaieran, Tolosakoa eraikiko da eta urriaren erdialdean Lasarte Oriakoa, biak ere N1 errepidean. Azaroaren amaieran Belabietakoa, izen bereko tunelaren parean, A15 errepidean.