Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Nazioarteko garraio arinean aritzeko baimena beharko da

Maiatzaren 21etik aurrera, nazioarteko garraioa egiten duten garraiolari autonomoek lizentzia beharko dute 2,5 eta 3,5 tona arteko ibilgailuen nazioarteko garraioari buruz Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren 2020/1055 Erregelamendua indarrean baita. Horrek esan nahi du nazioartean lan egin nahi eta baimendutako karga hori darabilten ibilgailuak dituzten enpresek lizentzia eskatu beharko diotela Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, eta, horretarako, baldintza hauek bete beharko dituztela: establezimendua, ohoragarritasuna, finantza-gaitasuna (gutxienez 1.800 euroko kapitala eta erreserbak izatea lehen ibilgailuarengatik, eta 900 euro gehiago ibilgailu gehigarri bakoitzeko) eta lanbide-gaitasuna.

Baimena etapaka ezarriko da. 2023ko urtarrilaren 1era arte, garraiolari interesdunek nazioarteko garraiorako lizentzia eskatuko diote Ministerioari, aipatutako baldintzak betetzen dituztela aitortzen duen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuz. Baimenaren titularrak edo enpresa horretako garraio-kudeatzaileak bete eta sinatu beharko du adierazpena.

Datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera, baimena lortzeko betekizunak egiaztatuko dira, hau da, administrazio bakoitzak enpresen bisa egitean bete beharreko baldintzak ondo dauden begiratuko du.  Horretarako bisa-eskaeran eremu bat sartuko dute: nazioarteko garraioa egiteko interesa duten enpresek markatu beharko dute. Lauki hori markatzen dutenen, ezarpen-baldintzak, ohoragarritasuna, finantza-gaitasuna eta lanbide-gaitasuna egiaztatu beharko dira. Oniritzia eman ondoren, lizentzia eskatu ahal izango diote Ministerioari.