Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Lan ezbeharren 2023ko txostena aurkeztu dute sindikatuek Iruñean: Hamabi langile hil ziren Nafarroan iaz lan istripuz

LAB, STEILAS, ESK, EHNE-etxalde, HIRU eta CGT-LKN sindikatuek oro har, Euskal Herrian, eta konkretuki Nafarroan 2023an izan ziren lan istripuen txostena aurkeztu dute goizean Iruñean. Iazko datuek azken urteetako joera berretsi dute: langile asko hiltzen da lan istripuetan; Administrazioa estatistika ezkutatzen saiatzen da; gaixotasun profesional kasuen bilketa mutualitateek baldintzatua da eta gertatzen diren baino askoz datu gutxiago jasotzen dira.

Sindikatuek lanean jarraituko dutela adierazi dute prentsaurrekoan lan istripuak eragiten dituzten arrazoiei aurre egiteko, behingoz prebentzio plangintzak bete daitezen eta heriotzarik gertatu ez dadin lanean. “Gobernuei eskatzen diegu bitartekoak jarri ditzala patronalak araudia bete dezan: Osalanen eta NOPLOIko teknikariek jokabide makurrak dituztenei edota legedia urratzen dutenei zigorrak jartzeko gaitasuna eman eta fiskaltzarekin koordinatu zigor kausak dinamizatzeko; ikuskatzaile kopurua handitu eta enpresak salatzeko gaitasuna eman, ardura guztia ordezkari sindikalen gain utzi gabe; patronalaren inpunitatea gainditzeko benetako neurriak hartu eta pausoak eman; Lan Segurtasun arduradunek gaixotasun profesionalen zerrenda zorrotza egin dezatela, bereziki sektore femeninizatuetan eragin eta ondorio latzak dituzten arazo psikosozialak txertatuz. 

Sindikatuetako ordezkariek adierazi dute lan istripuak gerta ez daitezen ekimen berriak egiteko asmoa dutela eta baita lan istripuetan hildakoak dauden bakoitzean protesta egiten jarraituko dutela ere, kasu batzuetan enpresako aktibitatea geldiaraziz. Mutualitateak publiko izatea lortzeko ekintzak ere iragarri dituzte, eta istripu asko gertatzen direnean protesta puntualak egiteko asmoa ere bai. Urtarrilean 13 langile hil dira istripuetan (bost Nafarroan) eta horri erantzuteko esaterako otsailaren 14an, Bilbon, Gobernuaren eta patronalaren egoitzen aurrean, egingo den ekintzaren berri eman dute. 

Datuei dagokienez, azken hamar urteotan, gutxienez 587 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. 2023an 59. Nafarroari dagokionez, hamar urtean 150, 2023an 12. “Istripu kopuruak ez du etenik nahiz eta gero eta jende gehiagok lan egiten duen zerbitzutan(%70 inguruk), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoretatik kanpo”.

Sindikatuek jasotako eta Administrazioek aitortutako datuen arteko aldea ere salatu dute sindikatuek. Datu ofizialetan ez da hainbeste hildako jasotzen. “Enpresa zein Mutualitateek eskainitako datuak hartzen dituzte aintzat. Hemen amarrua egina dago, batetik istripu arin asko ez direlako aitortzen eta bestetik istripu larri asko Mutualitateetako sendagileek arin bezala katalogatzen dituztelako administrazioen kontrolik gabe. Dena den, datu ofizialen arabera ere asko dira, 100.000 lan istripu aitortzen dituzte Hego Euskal Herrian, horietatik 26.000 baino gehiago Nafarroan. Gobernuek, heriotzen datuak ere ezkutatzen dituzte, ohikoenak, garraiolarien edota in itinere istripuak, trafiko istripu soil gisa hartuta”. Horrela urte osoan Nafarroan sindikatuen sareei esker 12 hildako zenbatu dituzte. Ofizialki 10 dira. 

Bestalde, sektore jakin batzuetan hildako gehiago dagoela salatu dute, besteak beste, basogintzan, eraikuntzan, industrian, garraioan… “Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz ez dute bizitzen uzten, hau da, errazagoa da horietan gaixotasun profesionalak garatzea, esaterako sektore femeninizatuetan gero eta nabarmenagoak dira afekzio psikosozialak eta egoera bortitzak gertatzen dira, mutualitateek gaur egun laneko afera gisa kasu psikosozial bakar bat ere aitortzen ez badute ere. 

Laneko gaixotasunei dagokienez, oso ezkutuan gordetzen direla salatu dute, patronalaren inpunitatea erabatekoa dela eta jada ia 30 urtetik hona abian den lan osasuneko araudia ez dela betetzen, “iruzur honetan Mutualitateak dira “gakoa” eta tresna, patronalaren zigorgabetasuna eta gobernuen antzutasunak iraun dezan”. “Mutualitateko sendagileek (enpresak) erabakitzen dute lehen momentuan, langilearen gaitzaren jatorria lanekoa ala arrunta ote den. Beraz, oso gutxi aitortzen dira, OMS, Osasunerako Munduko Erakundeak adierazi arren, lan munduan gaixotasunek istripuek baino heriotza gehiago eragiten dituztela”. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, 2023ko erregistro ofizialetan gorakada izan da dauden guztietatik, bakarren batzuk gehiago aitortu izan direlako, besteak beste, sindikatuon presioagatik.

Bestalde, Administrazioek egindako plan garestien isla eta emaitzarik ez dela nabari salatu dute. “Nafarroan gainera hainbat diru lerro banatzen dira sindikatu handienen eta enpresarien artean “prebentzioa egiteko”, guztira 1.200.000 euro hiru lerro nagusietan. Horien emaitza neurtzea ez da batere erraza, askotan jartzen ditugu zalantzan, pentsa daiteke bake soziala erosteko ematen direla. Diru hori, lan ikuskaritza indartzeko erabiliko balitz seguraski egoera ez litzake horren txarra izango”.