Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Maiatzaren 17an Palestinaren aldeko mobilizazio eguna deitu dute sindikatuek

“SOS Rafah, STOP genocidio, Langileok Palestinarekin” aldarria aldean hartuta, euskal sindikatuek Palestinaren aldeko mobilizazio eguna deitu dute maiatzaren 17rako. Batetik, su etena Gazako genozidioari amaiera eta elkarrizketaren bidezko konponbidea emateko, Israeli armarik ez saltzeko eta Israelen jokabidea salatzen ez dutenen erakundeekin hartuemanak eteteko eskatuz, mobilizazioak egingo dituzte lantokietan eta elkarretaratzeak eguerdiko 12.00etan, Bilboko Plaza Eliptikoan, Iruñeko Udaletxe plazan, Donostiako Alderdi Ederren eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Hiru, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, LKN, STEILAS, Solidari, EHNE eta Etxalde sindikatuek palestinarrak pairatzen ari diren genozidioa salatu dute, “Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin; Palestinar herriaren aurkako erasoetan 35.000 pertsona baino gehiagoren hil dituzte, horietatik 14.000 baino gehiago haurrak. Genozidioaren beste urrats batzuk dira, Israelgo armadak Rafah hartzea, zibilen bonbardaketa edota hiria husteko eta ez dauden arren herritarrak `eremu seguruetara´ joateko agindua”.

“Gero eta ahots gehiago altxatzen ari gara mundu osoan basakeria hau salatzeko; hala ere, oraingoz ezerk ez du geldiarazten Israelen makineria genozida, Nazio Batuen edo nazioarteko beste erakunde batzuen deiei entzungor egiten ari da Israel”.

Indarkeria basatia ez da berria Palestinan, azken 75 urteetan etengabea izan da. “Israelek Palestinako lurraldeak kolonizatu ditu, palestinarrei apartheid sistema ezarri”. Datuak beldurgarriak dira; “bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatutako 5’9 milioi palestinar errefuxiatu, 5.000 preso politiko baino gehiago, checkpoint ankerrak, lan baldintzen erabateko prekarizazioa eta langile palestinarren esplotazioa, palestinarren lurren konfiskazioa, eguneroko erasoak etxe palestinarretan, emakumeen bortxaketa sistematikoak, neska eta mutilen kontrako abusuak…

Munduko aire zabaleko kontzentrazio-esparrurik handienean Israelgo gobernua burutzen ari den sarraskia geldiarazteko eta Palestinaren legez kanpoko okupazioarekin amaitzeko premiazkoa da nazioarteko komunitateak esku hartzea, bereziki, Israelek sistematikoki urratzen dituen Nazio Batuek lurralde okupatuei buruz emandako ebazpenak bete ditzan; eta Gazaren legez kanpoko blokeoa eten.

Sindikatuek lau aldarrikapen eta eskaera konkretu egin dituzte egoera horren aurrean, Rafahn lurreko eraso bat izanez gero gerta daitekeena kontuan hartuta.

Batetik, Gazak bizi duen genozidioari amaiera emango dion su eten iraunkor bat.

Bestetik, alde guztien arteko negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez eta nazioarteko komunitatearen babespean eman beharreko konponbide integrala; Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera, preso politiko eta errefuxiatu palestinarren itzulera nahiz Palestinak estatu bat izateko duen eskubidea baieztatuko dituena.

Hirugarren aldarrikapenak Israeli armarik ez saltzeko eskatzen du, eta baita, enpresa, erakunde lokal, estatal nahiz europarrek, edota unibertsitate nahiz eragile sozialek, Palestinak bizi duen genozidioa salatzen ez duten entitate edo erakunderekin aktibitate komertziala, ekonomikoa edota beste edozein eremutakoa etetea ere (elkarkidetze-akordioak eta Europar Batasunaren eta estatu kideen itunak kasu).

Azkenik EAE eta Nafarroako erakundeei eskatzen die Nazioarteko zigor gorteetan Israelen aurka abian diren demandei babesa emateko eta maiatzaren 17an, ostiralean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Aipatutako aldarrikapenak babesteko batetik mobilizazio-eguna izango da lantokietan. Bestetik manifestazioak egingo dira eguerdiko 12etan Bilboko Plaza Eliptikoan, Iruñeko Udaletxe plazan, Donostiako Alderdi Ederren eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.