Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Lizarrako garraiolari bat hil da Ejea de los Caballerosen kamioia iraulita

Errepideko ezbeharrei buruzko albisteek ez dute etenik. Azken orduetan garraiolari bat hila, eta, beste bat, mutilatua, larri dela jakin dugu. Hurrenez hurren, Ejea de los Caballerosen, atzo, maiatzen 13an, eta Rivabellosan, larunbatean, 11n, izan zuten istripua. Zortzi dira jada aurten errepidean hildako garraiolariak. Sindikatuak behin eta berriz salatu du lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean, eta, berriro ere garraiolariei 60 urterekin garraioa uzteko aukera emateko eskatu du. 

Aipagarria da hil den gidariaren adina: 51 urte. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten lan-baldintzak ez direlako duinak. Horrek guztiak arriskuan jartzen du garraiolarien eta errepideko gainerako erabiltzaileen segurtasuna. Adin batetik aurrera, erreflexuak galtzen dira, konortea galtzeko, bihotzekoren bat, edota istripu bat izateko arrisku handiagoa dago. Horregatik aldarrikatzen du Hiru sindikatuak garraiolarien erretiro aurreratua.

 2024. urtea bereziki tragikoa doa errepidean hildako garraiolarien kopuruaren aldetik. Hilero, batez beste, garraiolari bat hiltzen da; aurten, ordea, maiatzerako, zortzi hil dira. Deigarria da, halaber, Nafarroako ezbehar-tasaren estatistika: istripuan hildako bederatzi langileetatik zazpi errepidean hil dira, eta horietako lau garraiolariak izan dira. Urtarrilaren 17an 59 urteko garraiolari bat hil zen Cadreitan; apirilaren 14an beste bat, 59 urteko nafarra, Lleidan; apirilaren 22an 58 urtekoa, Arren; eta azkena, Lizarrakoa eta 51 urtekoa, Ejean.

Guztiak 50 urtetik gorakoak. Administrazioak sindikatuaren aldarrikapen historikoari erantzun beharko lioke, eta beste profesional batzuei, besteak beste, suhiltzaileei edo poliziei bezala, 60 urterekin erretiroa hartzeko erraztasunak eman. Hildakoen eta bihotzeko gaixotasunen tasa altu hori, kontuan hartu beharko luke laneko arriskuen prebentziorako planak finkatzerakoan.

Hiru sindikatuak, LAB, CGT, Steilas, ESK eta EHNE-Etxalde sindikatuekin batera, bi salaketa aipagarri egin dituzte. Nafarroako errepideetan lan-istripuak ugaritzen ari direla ohartarazi zuen urtarrilaren 23an Iruñean emandako prentsaurrekoan. Apirilaren 25ean ere protesta ikusgarria egin zuten, trafiko istripu bat irudikatuz Iruñeko Gaztelu plazan. Bietan eskatu zieten Nafarroako agintariei «berehalako neurriak har ditzatela joan-etorrien kopuru handia murrizteko», etxetik lan egitea ahalbidetuz, enpresetan mugikortasun-planak aktibatuz eta Nafarroako errepideak eta garraio publikoa hobetuz. 

Nafarroan bi hamarkada baino gehiago zeramatzan, Abde Lahlia Lizarrako 51 urteko garraiolariak; Ensilados De Cerioko (Iratxe) langilea, maiatzaren 13ko arratsaldeko lehen orduan hil zen, bere kamioia irauli ondoren, A1208 errepidean, Zaragozako Ejea de los Caballeros herriko Valareña inguruan. Alpapa belarra garraiatzen zuen. Lizarran bizi zen eta hiru seme-alaba zituen.

Bestalde, larunbat gauean, bi garraiolariak zauritu ziren Erribera Beitian (Araba), bi kamioiren arteko istripu batean. Horietako bat suhiltzaileek artatu behar izan zuten, momentuan ebakuntza egin zioten eta larri zaurituta eraman zuten erietxera. Ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu zen, eta larrialdietako zerbitzuek askatu zuten.