Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Auto ilara luzeak Gipuzkoan mugan baserritarren protesta amaitu eta gero

Asteartean egun osoan auto eta kamioi ilarak eta zirkulazio motela nagusitu ziren Gipuzkoako errepidetan. Trafikoaz arduratzen diren agintariak ez dira gai izan Irun-Biriatuko mugan nekazariek eta abeltzainek egindako 24 orduko mozketak eragindako ondorioei behar bezala erantzuteko. Administrazioak babestutako ekimena izan zela esan daiteke,  kamioiei muga 24 orduz ixteko baimena eman baitzieten astearte goizeko 10ak arte.

Goizeko lehen orduetatik auto-ilaretan harrapatuta geratu ziren garraiolariak, Gipuzkoako errepideetako beste erabiltzaile batzuk bezala, besteak beste, Ap1, Ap8, Ap15 eta N121 errepideetan. Arratsaldean oraindik ere errepide horiek gainezka zeuden.

Trafikoko arduradunek astelehenean hartutako neurriak ez dira eraginkorrak izan, eta kaosa asteartera atzeratu zuten. Hiruko garraiolariak oso haserre daude nekazarien eta abeltzainen protestak eragindako zailtasunekin. Aipagarria da Administrazioak babesa, ez baita oraingoan beste batzuetan bezain zorrotza izan mobilizazioak egiteko baimenak ematerakoan. Esate baterako, Barne Sailak ez zien garraiolariei Bilbora kamioiekin sartzen utzi 2022ko martxoko greban. 

Trafikoko Sailak astelehen goizean jakinarazi zuen kamioien zirkulazioa debekatu egin zela errepide nagusietan astelehenetik astearte goizera arte. Beraz, orduan, bidea ireki zutenean, kamioi guztiak aldi berean irten ziren, Gipuzkoako errepideetan kaos eta kolapso historikoa eraginez. Auto-ilarak Villabonaraino iritsi ziren, mugatik 34 kilometrora.

Astelehenean, Hiruk publikoki salatu zuen garraiolariak haserre zeudela Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak hartutako murrizketengatik, bertako errepideetan aritzen direnei ere kalteak eragiten dietelako. Mugatik haratago izan zituzten zirkulatzeko arazoak; garraiolarien iritziz, neurri horiek ez diete soilik nazioarteko garraioan dabiltzanei eragiten. “Neurri horiek batez ere tokiko garraioa egiten dutenei eragiten diete” esan zuten astelehenean.

Hiruko garraiolariek berretsi dute ez daudela nekazarien eta abeltzainen mobilizazioen aurka, beren burua defenditzeko, bizi duten muturreko egoerari erantzuteko eta euren aldarrikapenak egiteko eskubidea dute. Hala ere, uste dute egokiagoa litzatekeela protestak beste leku batzuetan egitea, esaterako elikagaien banaketa eta logistikako zentroetan. Horrela beste sektoreengan ez zen hainbesteko ondoriorik eragingo,  eta gainerakoei lan egiteko aukera izango lukete. Bestela, oro har herritarrek eta bereziki garraiolariek ez diete nekazarien bidezko aldarrikapenei babesik emango. 

Nafarroan Lesakarainoko ilarak izan ziren.

Gipuzkoan azken kamioiak eguerdi aldera Villabonaraino iristen ziren.