Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bizkaian garraioari bidesaria jartzearen aurkako protesta Batzar Nagusien aurrean

Asotrava eta Hiru, Peajeen aurkako plataformekin batera, asteazken goizean, uztailaren 20an, Gernikan

Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean elkartu dira, Gernikan, Asotrava eta Hiru garraiolari autonomoen elkarteetako ordezkariak, peajeen aurkako plataformetako kideekin batera, kamioiei jarriko zaien bidesariaren aurkako jarrera adierazteko, asteazkenean uztailaren 20an goizeko 8.30etatik aurrera. Hain juxtu, asteazkenean bildu den Batzar Nagusien osoko bilkurak argi berdea eman dio kamioiei lurralde horretako bost errepidetan bidesaria jartzeko egitasmoari. 

      Bidesari horren aurka jarduteko bat egin dute Asotrava eta Hiru Euskal Herriko garraiolarien elkarteekin batera Kantabriako elkarteek ere, ASEMTRASANek, esaterako. Behin eta berriro salatu dute elkarteek, batetik, egitasmoaren helburu nagusia diru bilketa dela, hau da, bidesaria jarriko dutela kontu publikoen defizit orokorrari aurre egiteko, zulo hori estaltzeko, alegia; eta gainera neurri baztertzailea dela, bestetik, ez delako errepideen erabiltzaile guztientzat jarri; juxtu kontrakoa, errepideko garraio astuna soilik jarri dute jomugan, Bizkaiko eta Bizkaia inguruko garraiolariek galduko dute lehiakortasuna. “Bidesaria ez du noizean behin pasatuko den kanpoko garraiolariak ordainduko, egunero errepide horietan barrena dabilen gure garraiolariak, baizik”. Erabakia, gainera, une jasangaitz batean etorriko dela salatu dute garraiolariek, erregaien prezio altuek eragindako krisi garaian, gainera. 

Soilik garraiolariek ordainduko duten bidesaria, horrela planteatuta, saria baino zigorra da garraiolariarentzako. Errepidearen erabiltzailea ez da garraiolaria, ordea, honek daraman karga edo merkantzia baizik. Garraiolaria ez dabil denbora pasa errepidean, gizarteak eskatutakoak garraiatzen eta beraz denontzat zerbitzu publikoa egiten ari da. 

Behin baino gehiagotan adierazi du sektoreak bidesari horiek ezartzearen aurkako jarrera, funtsean garraiolari autonomoari kalte egiten baitiote; are gehiago erregaiaren prezioa neurrigabeki garestitu eta garraioa krisi ekonomiko larrian dagoen une jasangaitz honetan.  

Lehentasunezkoa da, elkarteen iritziz, krisi garai honetan botere eta administrazio publikoek era horretako neurri kaltegarriak berriro aztertu eta berrikustea; egoera larri honetan garraioa ahuldadearen ahuldadeaz gelditzerik ez badute nahi, behintzat; dagoeneko kamioiak falta baitira hainbat ekoizpen-sektoretan. Garraiolariak ikusten du bere aldarrikapenak aztertzen ez badira, eta gasolioaren prezioarekin zein, bidesariekin sektorea estutzen jarraitzen badute, garraiolariek berriro mobilizazioak antolatu beharko dituztela; beste erremediorik ez dute izango.