Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Sindikatuen protesta Bilboko portuko sarreran hildako garraiolariarengatik

Zisterna-kamioia gidatzen zuen garraiolaria hil da Bilboko portuko sarreran, astearte goizeko 08:50ak aldera, N-644 errepidean, Mamarigako tunelen parean, Santurtzin. Bazterra jo eta sua hartu du ibilgailuak. Litekeena da garraiolariak zorabio edo ondoezen bat jasan izana istripua gertatu aurretik; izan ere, tarte horretan kamioiak abiadura motelean doaz, ez dago istripua eragingo duen beste zantzurik eta bazterra jo zuenean ez zen ibilgailutik atera. Cisternas de Alsasua enpresarentzat lan egiten zuen Eroskiren gasolindegiak hornitzen.

LAB, ESK, STEEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egingo dute ostegunean, urtarrilaren 11n, goizeko 10.30ean, Santurtziko Udalaren aurrean, astearte goizean Bilboko Portura bidean Mamarigan hildako garraiolaria gogoratu, omendu eta, aldi berean, horrelako ezbeharrak gehienetan garraiolarien lan baldintza kaskarren ondorio direla salatzeko. 

Kamioia errepidetik ateratzeko arrazoiak ikertzen ari da Ertzaintza. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du ibilgailuak bazterraren aurka talka egin duela eta sortutako suteak erabat kiskali duela. Istripuaren ondorioz, Bilboko portuko sarbidea itxi zuten eta auto-ilarak sortu ziren.

Prekaritatea eta istripu hilgarri berri hau salatzeko, euskal sindikatuek elkarretaratzea deitu dute. Hiru sindikatuak baldintza duinak eta 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera eskatu ditu garraiolarientzat. Garraiolarien istripuak maizegi gertatzen direla salatu du, “lanaldi luzeen, bezeroen presa eta presioen, estresaren eta soldata urrien ondorioz. Atseden hartzeko eta lasai gidatzeko zailtasunek ondorio tragikoak izaten dituzte askotan”.

Sindikatuak “sektorearentzat lan-baldintza hobeak” eskatzen ditu garraiolarientzako eta errepideetako gainerako erabiltzaileentzako arriskuak ahalik eta gehien murrizteko”.  Baita 60 urterekin erretiroa, “beste lanbide batzuetan gertatzen den bezala”, adin horretatik aurrera, besteak beste, bihotzekoak izateko arrisku handia baitago.