Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolariak gutxienez bi hilean behin etxera itzultzeko agindua bertan behera utzi dute Europako epaitegiek

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetu egin du etxetik urrun lan egiten duten garraiolariek zortzi astean behin atseden hartzera etxera joateko betebeharra. Agindu hori 2020ko uztailean onartutako Mugikortasun Paketean jasota zegoen. Egitasmo horren helburua, Europar Batasuneko herrialdeetarako errepide bidezko garraioa arautzea da. 

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ontzat eman ditu Mugikortasun Paketearen alderdi asko, baina aipatutakoa baliogabetu du, zortzi astean behin kamioiak etxera, jaioterrira, eramateko  agindua, “Europako agintariek ezin izan dutelako neurri horren proportzionaltasuna justifikatu”. Oraindik ezin jakin, Europako agintariek eutsi eta alderdi hori berriro arautzeko ahaleginetan jarraituko duten edota etsi eta epai horrek EBk kabotajea arintzeko duen helburuaren amaiera ekarriko duen. IRU garraiolarien elkarteak ziurtatu du eutsiko diola saiakerari, arauak egokiak izan daitezen, Europako Batzordearekin, Batzordeko kideekin, Europako Lan Agintaritzarekin eta kontrol-erakundeekin lankidetzan.

Europako Justizia Auzitegiak onartu egin du Mugikortasun Paketearen aurka zazpi estatu kidek (Lituania, Bulgaria, Errumania, Zipre, Hungaria, Malta eta Polonia) aurkeztutako helegitea. 2020ko udan onartutako neurria atzera botata, ekialdeko garraiolariek ez dute etxera itzuli beharko, eta mugarik gabe lan egin ahal izango dute Europako alde honetako errepideetan. 

Auzitegiak baliogabetu egin du, ibilgailuak matrikulazio-herrialdera gutxienez zortzi astean behin itzultzeari buruzko araua, baina berretsi egin ditu gainerako xedapenak. Baliozkoak dira, beraz, gidarien joan-etorriekin, gidatzeko eta atseden hartzeko arauekin eta merkatura sartzearekin lotutako beste hainbat arau.  Nabarmentzekoa da asteroko atsedenaldia kabinan egiteko debekua onartu dutela epaileek. Beraz, asteko atsedena ezingo dute garraiolariek kamioian bertan egin, ostatua hartu beharko dute nahitaez. Europako agintari judizialek ontzat eman dute, zera argudiatuz, “ez dela kontu berria eta aurreko erabaki judizialen ildoari jarraitzen diola”.