Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak elkarretaratzea egingo du datorren astelehenean, azaroak 29, goizean, Bidegik Aritzetako zerbitzugunean duen egoitzan, oro har, garraioaren sektorearen muturreko egoera eta zailtasunak agerian jarri, eta, aldi berean, Bidegiri eta Gipuzkoako Foru Aldundiari zera eskatzeko, 2018ko urtarriletik garraiolariei ezarritako bidesari gisa kobratutako kopuruak itzuli ditzatela, beste erremediorik ez baitute, auzitegiek kamioiei bidesariak ezartzeko eta arautzeko foru-arauak baliogabetu ondoren. Garraiolariak zuzenean itzultzeko eskatzen ari dira, baina aldundiak aurreratu du soilik epaitegitik datozen eskaerak hartuko dituela aintzat.
Lasarte-Oriako N-1 errepidean dagoen Aillerru gasolindegitik Bidegiko instalazioetara joango dira protestan Hiru sindikatuko garraiolariak, eta bertan bidesarien erreklamazioak aurkeztuko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak aspaldi ohartarazi zuen epaitegitik datozen demandei baino ez diela erantzungo. Hiruko garraiolariek ez dute ulertzen jarrera hori, arduragabea iruditzen zaie; izan ere, Bidegik ia lau urtez kobratu zituen bidesariak automatikoki, datu guztiak ditu eta automatikoki itzuli beharko lituzke kobratutako kopuruak, garraiolari bakoitzak dagokion epaitegian eskaera aurkeztu behar izan gabe.
Bidegiren egoitzaren aurrean egingo den kontzentrazioa Hiruko garraiolariek datozen asteetan egingo duten lehenengo mobilizazioa izango da. Joan den larunbatean Altsasun egindako batzarrean, Bidegin, Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan kontzentratzea erabaki zuten, baita Confebasc Bilbon eta CEN Iruñean enpresa-elkarteen aurrean ere, garraioaren egoera kaskarra salatzeko eta neurri zehatzak aldarrikatzeko, hala nola euskal enpresen zerbitzura dagoen garraio-sareari laguntza ematea; fakturetan nahitaez bete beharreko klausula bat ezartzea, garraioaren prezioak eguneratzeko, gasoilaren prezioaren eta beste gastuen aldakuntzaren arabera; garraioan diren baldintza kaskarrei aurre egiteko pausuak ere eskatuko dituzte, kooperatiba faltsu, azpikontratazio, ordainketetqn atzerapen eta dumping-a kontrolatzeko; azkenik, batetik garraiolariak 60 urterekin erretiratu daitezen laguntzak eta, bestetik, ordezkatuko dituzten garraiolariak prestatzeko Lanbide Heziketa goi zikloak abian jartzeko eskatzen du Hiruk.
Datorren astelehenean protestan parte hartzeko deia egin die Hiruk garraiolari autonomoei. Hitzordua goizeko 10.00etan da, Lasarteko Oria auzoko Allerru gasolindegian, eta handik 10:30etan abiatuko dira Bidegik Aritzetan duen egoitzara. Bertan, garraiolarien hainbat erreklamazio entregatuko dituzte Bidegin, eta Allerrura itzuliko dira berriro.
Elkarretaratzea Bidegik Aritzetan duen egoitzaren aurrean
Astelehena, azaroak 29, 10: 00etan
Allerru gasolindegian,
N-1ean, Lasarte-Orian, Donostiarako noranzkoan