Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Iruñeko FCCko langile baten lan-istripu larria salatzeko protestekin bat egin du Hiruk

Uztailaren 23an, asteartean, FCC konpainiaren Iruñeko langileak greban daude, lanean ibilgailu batek harrapatuta hil zen enpresako langile baten heriotza dela eta. Hamaika dira jada aurten Nafarroan lan-istripuetan hildako langileak.
LAB, ESK, CGT-LKN, Steilas eta EHNE sindikatuekin batera, lan-ezbeharrei aurre egiteko hainbat dinamika burutzen ditu Hiruk eta, berriro ere, bat egin du, uztailaren 23an, asteartean, 11:30ean, Iruñerriko Mankomunitatearen (MCP-SCPSA) aurrean FCCko langileei zein hildako langilearen senide eta lagunei babesa eta elkartasuna adierazteko egindako kontzentrazioarekin. 

“LAB, ESK, CGT-LKN, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek behin eta berriz salatu dute lan-baldintza kaxkarrak daudela laneko heriotzen atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetzen, hau da, euren etekin eta irabazia lehenesten dute, langileen bizitzaren eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioak, erakunde publikoek, ez dute neurririk hartzen ez baliabiderik jartzen lan osasuna zaintzeko arau horiek bete ditzaten; ez dago ikuskatzaile nahikorik eta arau-hausteak ez dira zigortzen”.

“Modus operandi hori agerian geratu da lan-istripu hilgarri honetan; heriotza saihestu zitekeen prebentzio-araudia eta kasu horietarako enpresek daukaten prozedura zorrotz aplikatuz gero. Laneko heriotzak ekidin daitezke, langileen osasuna eta bizia zaintzea izan beharko luke enpresarien eta Gobernuaren erantzukizun nagusia”, diote sindikatuek.