Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Nafarroako Gobernuak ez du hitz egin nahi garraiolariekin bidesarien gainean

Nafarroako garraiolarien elkarte guztiek bat egin dute Nafarroako Gobernuak kamioiei jarriko zaizkien bidesariaren aurka. Hiru sindikatuak, Anatravi, Tradisna eta Anet elkarteek bilera eskatuta daukate Nafar Gobernuko arduradunekin, baina hauek behin eta berriro saihestu dute. Beraz, bidesaria sektorearekin hitz egin gabe jarriko dutela salatu dute garraiolariek, “ez daukagu informaziorik, ez dakigu noiz hasiko den ezta ze prezio izango duen. Oraingoz ezkutuan ari dira”. 

Errepideko garraioaren sektore osoak errefusatu ditu kamioiei Nafarroako errepidetan jarrai nahi zaizkien bidesariak. Herrialdeko elkarte guztiek bat egin dute, ANATRAVI, ANET, HIRU eta TRADISNAk oharra argitaratu dute elkarrekin, Nafarroako Gobernuak kamioiei Nafarroako bost autobidetan ezarri nahi dizkien bidesarien aurkako jarrera argia adierazteko. “Bidesariei EZETZ biribila” izenburua duen oharrean salatu dute “Lurralde Kohesioko Sailarekin bilera baten zain” daudela azken urtean. Garraiolariek zuzenean esan nahi diete agintariei kamioiei jarri nahi zaizkien bidesarien aurka daudela eta, bide batez, egitasmoa zein egoeratan dagoen jakin nahi dute. Baina oraingoz ez dago biltzeko datarik. 

Garraio arloko elkarteen ustez, ahaztu egiten dute garraioa funtsezko sektorea dela hornidura-kate osorako. “Herritarrek jakin behar dute bidesariak ibilgailu astunei ezartzeak eragina izango duela Nafarroako industrian eta produktuetan. Nekez erakar daitezke inbertsioak tokiko garraioa zaintzen ez bada”.

Garraiolari nafarren ordezkariek azpimarratu dute estatu mailan garraioarekiko beste errespetu bat dagoela. “Ministerioak konpromisoa hartu du, bidesariak jartzekotan sektorearekin adostuta izango direla”. Horrela oraingoz Europatik lortu dute 2024an bidesaririk ez jartzeko baimena.  “Nafarroan, aldiz, Lurralde Kohesioko departamentuaren arretarik ez jasotzeaz gain, esan daiteke administrazioa ere ez dela bidesarien ordainketan eredu. Izan ere, Administrazio Publikoko ibilgailuak ordaintzetik salbuetsita daude, Nafarroako errepideen erabilera-kanona arautzen duen uztailaren 1eko 23/2022 Foru Legearen 3. artikuluak hori jasotzen du”.
Ordainketa bikoitza

Elkarteek salatu dutenez, garraiolariak zergak birritan ordaintzera behartzen dituzte: “garraioaren sektoreak bestela ere ordaintzen ditu hainbat zerga, hidrokarburoen tasak…” Beste edozein sektorek baino gehiago ordaintzen dutela diote. “Gainera, estatu mailan emisio-eskubide bat ordainarazten bada, Nafarroako garraiolariek bi aldiz ordainduko dute “kutsatzeagatik”: “zergak eta isurketa-eskubideak ordaintzeaz gain, bidesariak ere ordainduko ditu arrazoi beragarengatik”.

Gainera, ohartarazi dutenez, “etorkizunean Estatu mailan bidesariak jartzen badira, arku-sistemaren gastua alferrikakoa izango da, Madrilen planteatutako satelite bidezko ordainketaren desberdina delako”.

Errepideen mantentze-lanak
Bestalde, elkarteek adierazi dutenez, “errepideen mantentze-lanak aurrekontuetatik ordaindu beharko lirateke, eta ez litzateke garraioaren lanetik finantzatu behar”; kontuan izanik, errepideko garraioak ez duela alternatibarik gaur egun, edota, produktua eta materialak bide horretatik iristen zaizkigula gure denda eta lantegietara. “kontuan izan beharko lituzkete erabakiak hartzeko orduan, sektore eta Nafarroako gizarte osoari eragiten baitizkiote bidesariek”. Azkenik, Foru Gobernuko agintarien jarrera kritikatu dute: “Hilabete baino gehiago igaro da Nafarroako garraio erakunde guztiek Lurralde Kohesiorako kontseilari berriari biltzeko eskaera egin genionetik, eta oraindik ez dugu erantzunik “.