Zerga-betebeharrak digitalki egiteko TicketBai sistema Gipuzkoan, laster, martxan jarriko denez, garraiolarientzat apirilaren 1ean, Hiru sindikatuak, Gipuzkoako Ogasunarekin batera, garraiolariei zuzendutako ikastaro bat antolatu du, horren inguruan izan dezaketen edozein zalantza argitzeko.
Donostiako Ogasun Saileko teknikariek martxoaren 16an, osteguna, arratsaldeko 17:30etik 19:30era, emango dizkiete azalpenak Lasarte-Orian sindikatuak duen bulegoan, interesa duten guztiei. Saio hori baliatu daiteke zergadunek dituzten zalantzak argitzeko ere.
Gipuzkoako garraiolari autonomoek ere derrigorrez euren fakturak Ogasunari momentuan bidali beharko dizkiete, datorren apirilaren 1etik aurrera. 2021eko abenduaren 31n 60 urte beteta zituzten garraiolari autonomoak baino ez dira bete behar horretatik libre, baldin eta txoferrik ez badute.
Bezero gutxirekin lan egiten duten garraiolari autonomoentzat ez da oso zaila izango. Hilero sortu beharreko faktura gutxi dutenez, kudeaketa ez zaie asko aldatuko. Ez dute gailu informatiko berrien beharrik ere, nahikoa izango dute Ogasunarekin Internet bidez lotzeko tableta edo ordenagailua. Hori bai, zergabidea, Foru Ogasunaren orrialdean dagoen aplikazio telematikoarekin konektatzen ikasi beharko dute.
Ogasunak unean uneko garraiolarien jarduerei buruzko informazio guztia izango du orain, eta, era berean, garraiolariek erraz eskuratu ahal izango dute informazio hori. Administrazioak egiten duen kontrolaz gain, suposatzen da betebehar fiskalen automatizazioak hobekuntza edo abantailaren bat eskainiko diola garraiolariari jarduera eraginkortasunez kudeatzeko, fakturak erregistratzeko edo bankuei edo bezeroei bidaltzeko orduan. Aukera bat izan daiteke lanak hobetzeko, denbora aurrezteko eta eraginkorragoak izateko, teknologia berriei esker. Hori guztia jorratuko da martxoaren 16an.