Garraiolariei arrazoia eman die Madrileko Epaitegi Gorenak: Gipuzkoako Foru Aldundiak duela hiru urte N1 eta A15ean kamioiei ezarritako bidesaria atzera bota du behin betiko.
Hiru, Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu nahi du, bidesaria kobratzen jarraitzen duelako, Epaitegi Gorenak atzera bota duen arren. Beraz, sistema behin behinean bertan behera uzteko eskatzen dio eta bidegabeki jasotakoa ofizioz itzuli dezala garraiolarien eskaerei itxaron gabe.
Larria iruditzen zaio Garraiolarien Sindikatuari Aldundiko Mugikortasun eta Garraio saileko arduradunen jokabidea, epaitegien erabakia jakin arren, bidesarien sistemari eusten diolako, horretarako argudio ustela eta aitzakia merkea erabiliz: Madrileko Epaitegi Gorenaren epaia bidesariak martxan jartzeko lehen arau foralari dagokiola eta orain bigarren arau bat dagoela indarrean. 2018ko urtarrilekoa da Euskal Herriko epaitegi gorenak urte horretako apirilean eta Madrileko epaitegi Gorenak aste honetan atzera bota duena. Gero 2018ko azaroan beste foru arau bat atera zuen Aldundiak egun bidesariak arautzen dituena, Euskal Herriko epaitegi Gorenak atzera botata daukana eta Madrileko Epaitegi Gorenaren ebazpenaren zai dagoena. Aldundiak atzo adierazi zuenez, epai hori atera arte bidesaria kobratzen jarraituko du, aurrekoak ikusita, berriro ere sistema legez kanpoko joko badute ere.
Hiruren iritziz ez da bidezkoa jokabide hori, epaitegiek behin eta berriro atzera bota duten sistema mantentzea, jakinik, interesak, gainkargak, zigorrak eta zentzurik gabeko gastuak ekarriko dituela, gero denon dirutik ordainduko direnak. Horregatik behin behinean sistema bertan behera uzteko eskatzen du Hiruk, batetik, eta garraiolariei bidegabeki kobratutakoa berehala itzultzeko ofizioz, eskaeren zain egon gabe, bestetik. Jakina da sistema automatikoa dela, zuzenean kobratzen zaiela garraiolariei kamioia errepide horietatik pasatzen diren aldi bakoitzeko tasa, eta itzulpena automatikoki egiteko zailtasunik ez dagoela; datu guztiak dituzte eta erabiltzaileak ondo identifikaturik, beraz ez dago itzultzeak atzeratzeko arrazoirik. Gutxienez, Epaitegi Gorenak atzo atzera botatako arauari dagozkienak, 2018ko azaroan bigarren arau forala atera bitartean, bidegabeki kobratutakoak.