Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Jaurlaritzaren aurrean protesta lan istripuan Agurainen hildako garraiolaria gogoratzeko


Kiskalita hil zen 61 urteko garraiolaria asteazken arratsaldean zisterna-kamioi batek eta bi autok A1 errepidean, Agurain parean, izandako istripu batean. Kamioiaren kabinak su hartu zuen, eta gidaria bertan hil zen. LAB, ESK, STEEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiralean, eguerdiko 12etan, Lakuan, Euskal Gobernuaren egoitzan, “hilero garraiolari bat hil da; patronala, eusko jaurlaritza, erantzule” leloarekin, hildako garraiolaria gogoratzearekin eta omentzearekin batera, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean salatzeko, gehienetan, horrelako istripu larriak garraiolarien lan-baldintza kaskarren ondorio direla. Garraiolarien adinak eta nekeak hil egiten dute.

Aipatzekoa da hildako garraiolariak 61 urte zituela. Hiru sindikatuak urteak daramatza 60 urterekin erretiratzeko neurriak aldarrikatzen, arrisku handiko lanbidea baita, ez soilik garraiolarientzat. Baita errepideetako gainerako erabiltzaileentzat ere. Baina Administrazioak beste aldera begiratzen du. Aguraingo istripu ikaragarrian bi zauritu ere izan ziren; ondorioak, dena den, okerragoak izan zitezkeen.  

Poliziak ez ditu istripuaren arrazoiak zehaztu, baina litekeena da sektorean ohikoak diren praxi txarrek eragindako nekea egotea ezbeharraren atzean. Duela gutxi, gauez lanean ari ziren bi garraiolari hil ziren 24 ordu baino gutxiagoko aldearekin, Arabako errepideetan horiek ere. Sindikatuak egiaztatu duenez, garraiolaria kontratatzen duten bezeroen presak eta, ondorioz, garraiolariei eragindako presioak ondorio latzak izaten dituzte: esaterako desorduetan lan egitera behartzeak, ahalik eta pisurik handienarekin kargatzeak edo tarifa urriek eragin ditzakete horrelako istripuak. Aste honetan ikusi da, istripuak jokabide desegokien ondorio dira, aipatutako presa eta presioek, zein sektoreko lan-baldintza gero eta okerragoek profesionalen euren eta errepideko beste erabiltzaile batzuen heriotzak eragin ditzake. 

Bien bitartean, Administrazioak beste aldera begiratzen du eta ez ditu arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzen. Iaz hamaika garraiolari hil ziren lan-istripuetan, ia bat hilero. Aurten bost dira. Agintariek hobeto kontrola zitzaketen garraiolarien ordutegiak, zamen pisuak edo lanen prezioak, kontuan hartuta ordutegi-presioak, estresak, gehiegizko pisua duten kargek, sektoreko zerbitzuen prezio baxuek, lanaldi luzeek, ez dagozkien zamalanek eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dutela garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere kasurik okerrenetan.

Argi dago prekarietatea eta lan-baldintza gogorrak daudela heriotza horien atzean. Harreman zuzena dago lan-ezbeharren eta sektoreak oro har bizi duen egoera txarraren artean.
Bien bitartean, kasu horietako askotan, Administrazioak ezkutatu egiten ditu lan-istripu horiek, eta ez ditu estatistika ofizialetan halakotzat hartzen, trafiko-istripu edo heriotza natural gisa baizik.

Garraiolariaren adina ere azpimarratzekoa da. Ez dute erretiro aurreratua hartzeko aukerarik, arriskuak izan arren; ordu asko ematen dituzte gidatzen, batzuetan kamioian bertan atseden hartzen dute edo, askotan, gauez lan egiten dute. Lanak nekea, lo egiteko zailtasunak, bihotzeko arazoak, arnasketako arazoak, giharretako arazoak, estresa eta abar ere eragiten dizkie. Horregatik guztiagatik, 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera aldarrikatzen dute garraiolariek. Arriskuan ez da bakarrik atzean hainbat tona karga daramatzan garraiolaria, errepideetako erabiltzaile guztiak ere bai. 

Errepidea erabat itxita egon da hainbat orduz, eta auto-ilarak bederatzi kilometrora iritsi dira Irunerako noranzkoan, eta bostera Gasteizerako noranzkoan. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaera tragiko honen nondik norakoak argitzeko. Ostegunean oraindik ez zuten erabat zabaldu bidea. Lanean jarraitzen zuten.