Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Agerraldia Imarkoaingo Garraioaren Hirian, errepidean hildako garraiolaria gogoratu eta lan-istripu kopuru handia salatzeko

Imarkoaingo Garraioaren Hirian, ANET Nafarroako garraio-enpresen elkartearen aurrean, elkartu dira Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako kideak gaur goizean “Patronalak eta istituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte; lanpostuetan heriotza gehiagorik ez; prekaritateak hiltzen du” leloarekin, Nafarroako errepideetan gertatzen den ezbehar kopuru handia salatzeko eta astelehenean Ejea de los Caballerosen (Zaragoza) hildako garraiolari nafarra gogoratzeko. Aurten bederatzi langile nafar hil dira lan istripuan, lanean edo lanerako bidean, eta horietako zazpiren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.

2024. urtea bereziki tragikoa izaten ari da Euskal Herrian, errepideko istripu hilgarriei dagokienez. Dagoeneko 23 langile hil dira, eta horietako 8 garraiolariak izan dira. Hildako garraiolarien batez besteko tragikoan, hilabete bakoitzeko heriotz bat izaten da normalean. Baina aurten ia bi garraiolari hiltzen ari dira hilero.

Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuek behin eta berriz salatu izan dute lan baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, laneko arriskuei aurre hartzeko araurik ez du betetzen patronalak, langileen bizitza eta osasunaren gainetik irabaziak eta mozkinak lehenesten dituzte. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko neurririk hartzen eta ez baitu nahiko baliabide aktibatzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik, eta arau-hausteak ez dira zigortzen.

Lan istripuen tasa handia du Nafarroak –Espainiar estatuan, bakarrik Balear Uharteek gainditzen dute–. Baina, gainera, errekor izugarria ari da hausten errepidearekin loturiko istripu hilgarriei dagokienez. 2024an, hildako bederatzi nafar langileetatik, zazpiren heriotzek errepidearekin izan dute lotura. 

Hiru garraiolarien sindikatuak, LAB, CGT, Steilas, ESK eta EHNE-Etxalderekin batera, urtarrilaren 23ko prentsaurrekoan ohartarazi zuen Nafarroako errepideetan gero eta lan istripu gehiago izaten ari zirela. Apirilaren 25ean ere protesta ikusgarria egin zuten Gazteluko plazan, trafiko-istripu bat simulatuz. Bi kasuetan, Nafarroako agintariei eskatu zieten «berehalako neurriak har ditzatela joan-etorrien kopuru handia murrizteko», etxetik lan egiteko aukera emanez, enpresetan mugikortasun-planak aktibatuz eta Nafarroako errepideen eta garraio publikoaren egoera optimizatuz.

Garraio sektorean gertatzen diren heriotzak, merkantzien arloan bereziki, sektorearen lan baldintza prekarioekin zuzenean loturik daude. Malgutasun handiko sektorea da, eta lan erritmo handiegia du. Horrek, besteak beste, 11 orduko lanaldiak eragiten ditu egunean, hitzarmen bidez adostutako lanaldiak baino askoz luzeagoak, alegia. Hitzarmen hori, gainera, izoztua dago 2008tik, soldata bezala.

Hildako garraiolarien adin handia ere aipatu behar da. Ia hildako guztiek 50 urte baino gehiago zituzten, eta gehienak 60 urte inguru. Urtarrilaren 17an 59 urteko garraiolari bat hil zen Cadreitan; apirilaren 14an beste bat, 59 urteko nafarra, Lleidan (Herrialde katalanak); apirilaren 22an, 58 urteko beste bat, Arren; eta azkena, 51 urteko nafarra, Ejean. Horiek guztiak 50 urtetik gorakoak ziren. Gaurkotasun handia du, beraz, Hiru sindikatuaren aldarrikapen historikoak, Administrazioak onar dezala garraiolarien erretiro aurreratua, eta, era berean, kontuan har dezala sektoreko gaitz kardiobaskularren kopuru handia laneko arriskuak prebenitzeko plangintzak finkatzerakoan. 

Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik: gazteak ez dira garraioan hasten lan baldintzak ez direlako duinak. Eta horrek arriskuan jartzen du garraiolarien eta errepideko gainontzeko erabiltzaileen segurtasuna; izan ere, adin batetik aurrera, konortea galtzeko, bihotzekoa edo istripua izateko arrisku handiagoa dago.