Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Alacanteko garraiolaria hil dute Belgikan estolda-tapa zubi batetik jaurtita

Bost gaztetxoren “umekeriak” ondorio latzak eragin ditu. Estolderia tapa bat bota zuten aurreko larunbatean goizaldera Belgikan autobide baten gaineko zubitik. Kamioia jo eta errumaniar jatorria zuen Alacanteko gidaria hil du. Bere bikotea eta semea ere shock egoeran daude. Kamioian zihoan bere emaztea kolpearen ondorioz esnatu eta kamioia kontrolatzea-gelditzea lortu zuen. Atzetik zihoan semea beste kamioi batean gidari. Zorigaiztoko ez-behar goibel, triste eta tamalgarrian presente izan ziren eurak ere.

Lieja eta Namur artean gertatu zen istripua, Héron hiritik gertu, maiatzaren 11n, ostiraletik larunbatera gauean, goizaldeko 1.30 inguruan. Castillo Trans enpresako gidaria, Gheroghe Tibil 50 urteko errumaniarra, Almoradi (Alacant) herrikoa zen. Pariserantz zihoazen kolpea jaso zutenean. 

17-18 urteko bost gazteak atxilotuta daude. Jokabide zentzugabe eta txoriburuaz damututa poliziarengana jo zuen batek igandean. Auzipetu egin dituzte eta epaileak erabakiko du zenbaterainoko erantzukizuna duten. Oraingoz, 18 urteko hiru kartzelan daude. 17ko bat adingabeendako espetxe batean eta bestea auzipetua etxean. Lehenengo unean hilketa leporatu zieten; gerora, zigor eskaera arindu egin zuen epaileak eta “asmo txarrez zirkulazioa oztopatu eta heriotza eragiteagatik” epaituko dituzte bostak. 20-30 urte arteko kartzela zigorra eskatuko du fiskalak. 

Hiruko garraiolariek ere atsekabea adierazi dute. Onartezina da horrelako gertakaria, agintariek ezin dute beste aldera begiratu. Bestela ere nahiko istripu eta ezbehar jasaten dituzte kamioi gidariek. Ulergaitza horrelako erasoa. Jokabide burugabeak ondorio tragikoa izan du, gidariak bizia galdu eta familia osoa lur jota utzi du. 

Zorigaiztoko jolasa arrisku handikoa zen. Duela aste batzuk garraiolari batek salatu zuen antzeko erasoa jaso zuela, baina poliziak ez zuen berriro ez gertatzeko kontrol neurririk hartu. Tapa soka bati lotuta jaurti zuten, Kamioiak parez pare jo zezan. Kabinaraino sartu, gidaria txikitu eta berehala hil zuen. Istripua larriagoa izan zitekeen, abiadura handia zeraman kamioiak kontrolik gabe errepidean segi baitzuen; kabinan zihoan emazteak, kolpetik esnatu eta kamioia kontrolatu ahal izan zuen. Ez zuen zauririk izan, baina shock egoera larrian dago. Semea, istripua gertatu eta segituan heldu zen bertara. Egoera goibel eta negargarria topatu zuen.