Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Aldundiak eta Bidegik bidesarien gaian duten arduragabekeria salatu du Hiruk epaitegian

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak auzitegietan salatu ditu Bidegiko eta Aldundiko arduradunak kamioiei bidesaria jartzerakoan egin beharrekoak ez egiteagatik eta izan duten jokabide zentzugabeagatik. Urtarrilaren 23tik bidesaria ordaintzen ari dira garraiolariak, baina oraindik ez dute jaso ordainagiririk eta, beraz, ez dute gastu hori bezeroei pasatzeko oinarririk.

2018an lehen aldiz kamioiei bidesaria jarri zitzaienetik agerian da Aldundiaren diru premia eta helburua diru bilketa dela. Garraiolaria lagundu beharrean zigortzen ari da Aldundia, eta ondorioa bertako garraio sarearen desagerpena izango da. Ez dago ia gazterik garraioan, eta Euskal Herriko enpresen eta gizartearen beharrei erantzuten dien gertuko garraio eraginkorra arriskuan jartzen ari dira. 

Bestalde, bidesaria garraiolariei eragiten ari den eragozpena dela eta, kaltetuek batzar irekia deitu dute: Datorren larunbatean, martxoaren 18an, bilduko dira, goizeko 10etan, Eibar eta Ermuko Uni-an, bi probintzien eta bi herrien arteko mugan, urtarrilaren 23 eta 25etik, hurrenez hurren, Gipuzkoan eta Bizkaian kamioiek ordaintzen duten bidesariaren eta horrek sortu dituen arazoen inguruan zer esana duten garraiolari guztiak. 

Garraiolari gehienek zailtasun handiak dituzte beren bezeroei gastu berri hori ordainarazteko. Eta Aldundiak ez dute gainera batere lagundu edota lan hori errazteko ezer egin, bidesaria kobratu egiten dute, baina ez dute gastu hori garraiolarien bezeroek nahitaez ordaindu dezaten tresnarik martxan jarri. Kontrakoa. Garraiolariek oraindik ez dute ordainagirik jaso, eta ez dute tickerik eskatzerik, beraz ez dute bidesarien gastua bezeroen aurrean justifikatzerik. 

Aldundiak lurraldeko zergadun guztiak behartzen ditu faktura egin eta momentuan Ogasunera bidaltzera, ticketbai sistema abian dute jada, baina berak ez da araua kontuan izan, muzin egin dio betebehar horri. Urtarriletik bidesaria kobratzen die kamioiei, ticketik edota dagokion fakturarik luzatu gabe.

Hori dela eta, Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko ordezkariek salaketa aurkeztu dute Donostiako epaitegian. Salaketan gogorarazten da 2023ko urtarrilaren 23an hasi zela Gipuzkoako Foru Aldundia 5/2021 foru-araua aplikatzen eta kamioiei N1 eta A15 errepideetan kanona kobratzen. Hala ere, bidesaria kobratzen ari zaien arren,  ordainarazpenaz arduratzen den BIDEGI enpresak, ez die faktura bakar bat ere bidali garraiolariei.

Horri buruzko informazio-eskearen aurrean, Bidegik onartu du urtarrilean N1 eta A15 arkuetan egindako urratsen kobrantzak banketxe bidez bidali direla otsailean, eta fakturak martxoaren erdialdean kontsultatzeko edo deskargatzeko moduan egongo direla sozietatearen www.bidegi.eus web-atarian, fakturazio-zerbitzuan alta emanda dauden garraiolarientzat.

Hiruk salatu du kaltetuek ez dakitela zehazki BIDEGI kobratzen ari zaien kopurua ezta zenbateko hori zuzena den. Horrek eragozpenak sortzen dizkio garraiolariari, ordaindutakoa bezeroei kobratzeko lana zailtzen baitu, ez baitu inolako fakturarik ezta gastu hori justifikatzeko modurik.
Sindikatuko arduradun juridikoek uste dute prebarikazio-delitua egon daitekeela, Bidegiko arduradunak jakinaren gainean baitaude, ezin dela kanona kobratu inolako ticketik edo fakturarik luzatu gabe. Horregatik, guardiako epaitegiari eskatu diote salaketa onartzeko, gertakariak ikertzeko eta Bidegi sozietateko ordezkariei deklarazioa hartzeko.

Sindikatuaren ustez arduragabekeria handiz jardun du Gipuzkoako foru Aldundiak 2018ko urtarrilean kamioientzako bidesaria ezarri zuenetik. Berehala, auzitegiak  baliogabetu egin zituen, baina ia lau urtean, 2021eko urrira arte kobratu egin zien garraiolariei hainbat trikimailu erabiliz: Araua Madrileko Auzitegi Gorenak konfirmatzerako, beste bat agian jarri, beste hori ere baliogabetu eta gero kobratzen jarraitu Gipuzkoako Agiri Ofizialean argitaratu arte, hori ahal zuten guztia atzeratu eta abar. Gainera, bidegabeki kobratu zuten diru hori ez dute itzuli, eta hainbat traba jarri dituzte garraiolariek diru hori berreskuratu ez dezaten. Ez zituen aintzat hartu mila garraiolarik baino gehiagok Bidegin aurkeztutako erreklamazioak, eta soilik, 250 izan dira auzitegi jo dutenak, garraiolarien hiru laurdenek atzera egin dute.

Lehen kasua epaitu da. Donostiako epaitegi batek duela gutxi urtarrilean argitaratutako epai batean ebatzi zuenez, Aldundiak 13.000 euro itzuli behar dizkie guztira 2018ko urtarriletik 2021eko urrira bidegabe kobratutako dirua erreklamatu zuten hiru garraiolariri. Aurrekari ona da.