Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Apirilak 28, salaketa eguna

LAN OSASUNA BERMATU

BIZITZA DEFENDATU!

 

Apirilaren 28an Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, urtero legez. COVID-19aren krisiak eta ezarri diguten salbuespen egoerak baldintzatuta izango da aurtengoan.

Azken hilabeteek irakasgai argia utzi digute, berriz ere. Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa agerian geratu da. Beharrezko denean kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest dira, eta gertatzen ari da:

  • Hala gertatu zen Zaldibarren zabortegiak bi langile lurperatu zituenean.
  • Berdin COVID-19arekin lanean kutsatu eta hil diren langileekin, lanean kutsatu direnekin edo kutsatu diren langileen senideekin.
  • Arrazoi bera dago Hego Euskal Herrian aurten lan istripuan eta gaixotasun profesionalen ondorioz hildako langile guztien atzean.

Gure lan osasuna bermatzeko baliabide nahikorik gabe lan egitera behartzen gaituzte egunero, kapitalaren interesak lehenesten dituzte, langileon osasunaren gainetik.

Bizitza eta kapitalaren artean aukeratzeko momentua iristean ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok argi dugu, lehenbizi bizitza, eta ondoren beste guztia. Osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi. Are gehiago, soilik osasuna bermatuta duen gizarte batek izango du aukera jarduera ekonomiko arrunta izateko.

Krisi honetan langile guztion osasuna arriskuan jarri dute. Funtsezko zerbitzuetan ari diren osasun-langileena, zaintza esparruko langileena, garbitzaileena, garraioan dabiltzatenena, elikadura saltzaileena, farmazietako langileena, gasolindegietakoena… arriskuan jarri dute,  babes-neurririk gabe lan egiteak bizitza arriskuan jartzea baitakar. Zenbat pertsona gaixota edota hil dira egoera honetan lan egiteagatik, langile horiekin bizitzeagatik edo langile horiek artatuta? Arriskuan jarri dituzte ere,  funtsezkoak ez diren sektoreetako langileak, prebentzio neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, bestelako mugimendu guztiak erabat debekatuta zeuden bitartean. Langileon bizitza kalean erabat kontrolatuta egon da, baina lanean gure bizitza arriskuan zenean ez da ikuskaririk etorri, bakarrik utzi gaituzte eta hala aritu behar izan dugu lana geldiarazten oinarrizko segurtasun neurriak ematen ez zirenean.

Koronabirusaren krisia igaroko da noizbait, eta orduan gizarte moduan lehentasun berriak ezarri beharko ditugu. Sindikatuok bizitza jarriko dugu erdigunean. Eta, orduan ere, instituzioentzat bizitzak lehentasun izan daitezen mobilizatu beharko dugu, besteak beste, lanean gure bizitzak behar bezala zaindu daitezen Ikuskaritzarako behar besteko baliabide izan dadin.

APIRILAK 28 SALAKETA EGUNA

Ez dugu zain egon behar, gaurdanik ekin behar diogu borroka horri: apirilaren 28an SALAKETA EGUNA deitzen dugu. Oinarrizko zerbitzuetan babes neurri egokirik eta nahikorik gabe ari garenok, gainerako eremuetan osasunaren bermerako planik edota neurri egokirik gabe ari garenok, mobiliza gaitezen, gure lan osasunaren kontrako praktikak salatzeko, segurtasun neurri guztiak hartuta:

LANTOKIETAN

  • Mobilizazioak sustatuz: elkarretaratzea, isilunea, eserialdia… distantzia ziurtatuta bilduz, eta kartela eskuan hartuta, lan zentroen aurrean mobilizatzera dei egiten dizuegu. Argazkiak atera eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita.
  • Bideoekin: kartelak eskuan, grabatu bideo laburrak lan osasunarekin lotutako zuen aldarrikapen eta salaketak egiteko, eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita, apirilaren 28an.

ETXEAN

  • Argazki eta bideoekin: grabatu bideo labur zuen osasuna bermatzeko egin nahi duzuen salaketa edo aldarrikapena adieraziz, eta zabaldu sare sozialetan #BizitzaDefendatu traola erabilita.
  • Xingola beltzak leiho eta balkoietan. Zintzilikatu balkoi edo leihotik xingola beltz bat, lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta egoera hauek salatzeko.