Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Araban greban dauden soldatapeko gidarien alde dira Hiruko garraiolariak

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak babesa eman die azaroaren 9, 14, 16, 21, 22 eta 23an greba egingo duten Arabako soldatapeko gidariei. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako gidariek lan-baldintzak hobetzeko eskatu eta patronalak negoziatzeko duen interes falta salatu dute.

Hiru sindikatuak sarritan salatu ditu soldatapeko txofer eta garraiolari autonomo askok pairatzen dituzten baldintza kaxkarrak; baita, oro har, sektorearen egoera kritikoa eta, konkretuki, txoferren soldata eta garraioen prezio iraingarriak. Aldi berean, Hiruk argi adierazi du errepidean dabiltzan gidari profesional guztien baldintza ekonomikoak eta lan-baldintzak hobetu nahi dituen edozein aldarrikapen babesten duela. 

Egia esan, autonomoek eta gidariek askotan partekatzen dituzte errepidea eta bertako prekaritatea. Esate baterako, hor da Elorrioko landa-bide batean bost egunez blokeatuta egon zen garraiolari errumaniarraren kasua; hiru gaztek lagundu zioten, janaria eta edaria eman. Aseguruak eta enpresak erabat baztertu zuten; ez zuten garabiaren gastua bere gain hartu nahi izan. 

Garraio-enpresa handiak dira, askotan, egoera horien erantzuleak. Zehazki, Araban uko egin diote gidari profesionalen ordezkariekin biltzeari. “Pandemian goraipatu egin zituzten langile hauen baldintza soziolaboralak izoztuta daude 2020tik” salatu dute sindikatuek, soldatak izoztuta dauzkatela eta patronalak ez duela negoziatu ere egin nahi. “Ez zen bileretara aurkezten. Salaketa judizial baten ondoren bakarrik onartu zuen negoziatzen hastea”.
Sindikatuek adierazi dutenez, “dena den, epaitegiek behartuta joan da negoziazio mahaira, langileen baldintzak hobetzeko akordioa lortzeko inolako asmorik gabe”. Garraioaren prezioak eta soldatak igotzeko eskatzen die Hiruk enpresei; eta Administrazioari egoera zailean dagoen sektorea arautzeko, prekaritate-egoerak eta baldintza kaxkarrak garraiotik desagerrarazteko. 

Errioxako soldatapeko garraiolariak ere greban daude, CCOO, UGT, USO eta CSIF sindikatuek deituta, sektoreko hitzarmenean hobekuntzak eskatuz.