Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Aste honetan kamioiak kontrolatuko ditu Trafiko zuzendaritzak

Datorren igandera, otsailaren 13ra arte, kamioi eta autobusak kontrolatzeko kanpaina egingo du poliziak Europa osoan. Garraioan dabiltzan bertako eta kanpoko kamioiek bide-segurtasun eta zirkulazio arauak betetzen dituzten begiratuko du DGTk, Trafiko Zuzendaritzak. Guardia Zibilek, eta kanpainarekin bat egingo duten polizia autonomiko eta udaltzainek, hainbat alderdi egiaztatuko dituzte, besteak beste, abiadura, atseden-orduak, takografoa, gehiegizko pisua, ibilgailuaren akats teknikoak edota segurtasuna. Baita ibilgailuaren eta gidariaren dokumentazioa indarrean dagoen, segurtasun-uhala erabiltzen den edota alkoholaren edo beste droga batzuen zein arreta desbideratzen duten gailuen erabilera. 

DGTk duela gutxi aurkeztu duen 2020. urteko istripu tasari buruzko txostenaren arabera, urte horretan hildakoak eragin zituzten istripuen %13tan ziren kamioiak. Istripu ikusgarriagoak eta larriagoak dira, noski, ibilgailu mota horien masa-neurriak direla eta. Gehienak, lautik hiru, autobideetan gertatu ziren. Guztira, 2020an, horietako 2.705 ezbehar izan ziren, 199 hildako, 45 kamioian eta 154 beste ibilgailuetan. 

Azken kanpainaren emaitzak
Kamioiak eta autobusak zaintzeko DGTk 2021eko urriaren 11tik 17ra bitartean egin zuen azken kanpainan, Guardia Zibilek kontrolatutako 12.360 kamioitako 2.545 gidari salatu zituzten, araudiaren aginduren bat urratzeagatik.

Arau-hauste ugarienak dira, besteak beste, gehiegizko gidaldiek eragindakoak, Azterketa Teknikoarekin (IAT) lotutakoak, ibilgailuen eta gidarien dokumentazioari dagozkienak, bai gehiegizko pisuari, zama gaizki erabiltzeari edo segurtasun-uhala ez erabiltzeari buruzkoak.