Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Aurten istripuan hildako 7. garraiolaria gogoratu dute sindikatuek Iruñean

Euskal sindikatuetako ordezkariak, bigarren astez jarraian, Iruñeako Garraio Zuzendaritzaren aurrean elkartu dira ostiralean uztailaren 9an garraiolari baten azken lan istripua salatzeko. 31 langile hil dira 2021ean, horietatik 7 garraiolariak, azken biak Nafarroan, ekainaren 21ean Villatuertako industrialdean eta uztailaren 2an Oliten.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Hiru eta ENHE sindikatuetako ordezkariek protesta egin dute Iruñeko Garraio Zuzendaritzaren aurrean, San Ignacio kalean, “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” leloa zuen pankartarekin, gaur, ostirala, uztailaren 9an, goizeko 11.00etan,  lan baldintza kaskarrek eragiten dituzten heriotzak gaitzesteko; sindikatuek elkartasuna eta babesa adierazi dizkiote aurreko ostiralean Oliten Iruña eta Tutera arteko autobidean beste ibilgailu batek harrapatuta hil zen garraiolariaren senide eta lagunei.

Sarri gertatzen da garraiolarien istripuak ez direla lan istriputzat jotzen, errepide istripuen zenbakien atzean gordetzen saiatzen dira. Garraiolarien istripuak lan istripuak dira, zalantzarik gabe. 

Asko lan baldintza kaskarren ondorio dira. Prekarietateak hil egiten du, lan jardunaldi luze eta estuek eragin handia dute, besteak beste, atsedenik ezak, lan karga handiek, enpresak eragindako presa eta presioak bezala, eta baita errepideen zein ibilgailuen egoerak ere. Kasu honetan, gidaria kamiotik jaitsi egin zen eta furgoneta batek harrapatu egin zuen. 

Sarri aipatzen dute agintariek garraiolariek ezinbesteko lana egiten dutela, oinarrizkoak direla, behar beharrezkoak, baina, gero benetan, garraiolarien lan baldintzak, segurtasuna eta osasuna bost axola administrazioari. Nahi duena garraio merkea baita.

Garraiolariak baldintza duinak behar ditu, gizarteak behar dituenak garraiatzeko. Lan eta osasun baldintzak zaindu eta bermatu behar dira duintasunez lan egin ahal izateko eta istripurik gerta ez dadin.