Euskal sindikatuek zaintzarako eskubidearen aldeko azaroaren 30eko greba orokor deialdia zabaltzen segitzen dute. Egun horretan arratsaldean manifestazioak egingo dira gutxienez 25 hiritan eta goizean goizetik ehundaka ekintza eta mobilizazio herriz herri Euskal Herri osoan. Azaroaren 23an gehiengo sindikalak agerraldi bana egin du Iruñean eta Bilbon mugimendu feministarekin batera, hain juxtu, greba egunerako astebete falta denean. Hiruk ere bat egin du ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuekin Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin batera, azaroaren 30erako Greba Feminista Orokorra deitzeko.
Dagoeneko 1.500 enpresa-batzordek baino gehiagok bat egin dute azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrarekin. Era berean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarri du greba-egunean ekintza eta mobilizazio ugari egingo direla 100 udalerri baino gehiagotan, baita manifestazio masiboak ere lau hiriburuetan arratsaldean.
Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorra da, emakumeak zein gizonak deituta daude deialdira, zainketen krisiak pertsona guztiei eragiten baitie; guztiok behar dugu duintasunez zaindu eta zainduak izan bizitzan zehar. Horregatik, Greba Feminista Orokor honen leloa “Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde” da.
Sindikatuek adierazi dutenez, “Zaintza-lanak ezinbestekoak dira bizitzari eusteko. Hala ere, lan horiek beti egon dira ezkutuan, gure etxeetan ikusezin, eta batez ere emakumeei egokitu zaizkie. Aldi berean, ordaindutako zainketa-lanak prekarizatuta daude, zaintza-zerbitzuen pribatizazioaren eta azpikontratazioaren ondorioz. Hego Euskal Herrian, adibidez, egoitzen %10 bakarrik kudeatzen da modu publikoan. Ez dugu zaintza-sistema publikorik, eta mendekotasuna duten pertsonei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez izateaz gain, enpresa pribatuen esku dago (Eulen, IMQ…). Enpresa horiek pertsonen interesen gainetik jartzen dute beren onura”.
Horregatik, euskal gehiengo sindikalak, hau da, ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, CGT eta HIRUk, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lidergoarekin, Greba Feminista Orokorra deitu dute azaroaren 30erako.
“Sindikatu deitzaileok eta Mugimendu Feministak azpimarratu nahi izan dugu Greba Feminista Orokor hau produkzio-eremutik haratago doala. Aurreko greba feministen ondorioz, grebaren tresna zabaldu egin da, lan produktiboa eta gehienbat emakumeek egiten dituzten ordaindu gabeko eta ikusezin bihurtutako zaintza-lan horiek guztiak barne hartzeko. Gainera, zaintza-sektoreetako langile askoren errealitatea da gutxieneko zerbitzuen eraginpean edo egoera administratibo irregularrean daudela. Aldi berean, batzuek zaintza-lan intentsiboa egiten dute eta ezin dute gelditu. Horregatik guztiagatik, datorren azaroaren 30ean grebara irtengo gara eta kaleak beteko ditugu”.