LAB, ESK, STEEILAS, EHNE eta HIRU euskal sindikatuek, elkarretaratzea egin zuten martxoaren 31, 11:30ean, Arcelor enpresak Olaberrian duen lantegiaren aurrean, Albaceten egun batzuk lehenago hil zen garraiolaria oroitu eta laneko baldintza kaxkarrek hil egiten dutela salatzeko. Toledon bizi zen arren, oso ezaguna zen enpresa horretan lan egiten zuten garraiolarien artean. Ostiralean, martxoaren 24an, Olaberrian kargatu zuen, eta astelehen goizean, Alacantera zihoala, A31 errepidean gertatu zen istripuan hil zen, La Rodan, Albaceten. Kamioia errepide bazterrean irauli eta gidaria kabinan harrapatuta geratu zen.
Lan baldintza kaxkarrek hil egiten dutela salatu dute sindikatuek, eta garraioan lan-baldintza duinik ez izateak errepideetako istripuak ugaritzen dituela. Bien bitartean Administrazioak beste aldera begiratzen du, ez ditu sektoreko lan-baldintza eskasak kontuan izaten eta ez du arazoari aurre egiteko beharrezko neurririk hartzen.
Kontratatzen dituzten enpresen presa eta presioak jasan behar izaten dituzte garraiolari askok, eta horrek ondorio larriak izan ditzake. Ordutegi estuek, estresak, gehiegizko pisua duten kargek, ordaindutako prezio baxuek, lanaldi luzeek, ez dagozkien zamalanek eta, azken finean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dute garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, eta baita haien bizitza bera ere, kasurik okerrenetan.
Era berean, Administrazioak sarri duen jarrera ere salatu dute: lan-istripu horiek askotan ezkutatu egiten ditu, eta ez ditu estatistika ofizialetan lan istriputzat hartzen, trafiko-istripu edo heriotza natural gisa baizik.
Euskal sindikatuek (LAB, ESK, STEEILAS, EHNE eta HIRU) martxoaren 31n, ostirala, egin zuten protesta, 11: 30ean, Arcelor enpresak Olaberrian duen lantegiaren aurrean, autobiaren beste aldean, hain zuzen ere.