Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bidesariak eragindako bi heriotza salatu ditu AP8 Peajerik Ez plataformak

“Zikoizkeriak heriotza errugabeak eragiten ditu” izenburuarekin, AP8 Peajerik Ez Plataformak salaketa argitaratu du eta hain juxtu, AP8ko bidesariak ez kentzeak eragin dituen bi heriotza gogoratu, Iurretako ordainlekuan izandako istripuan bat eta Amorebietako San Antonio auzoan auto batek harrapatuta bestea.  

Plataformak adierazi duenez, bi hildako eragin dituzten ezbehar horiek lotura zuzena dute Bizkaiko Foru Aldundiak , N-634 errepidean, Euskal Erkidego osoko ibilbiderik arriskutsuenean eta erabilienean, eta AP8ko bidesariaren inguruan duen jarrerarekin; Imanol Pradales Azpiegituretako diputatuak eta Unai Rementeria diputatu nagusiak euren ardura eta erantzukizuna alde batera uztearekin, alegia; AP8 autobideko bidesaria ez kentzeari egotzi dizkiote bi heriotzak, Iurretako ordainlekuko kabinaren aurkako kolpearen ondorioz, bata, eta Zornotzako San Antonio auzoan autoz gainezka egon ohi den N-634 errepideko harrapaketan, bestea. AP8 autopistan bidesariak kentzearen aurka dauden politikari ororen baitan iraungo dute galera horiek. 

Plataformaren ustez, bi heriotzak saihestu zitezkeen, Pradalesek eta Rementeriak bidesarien bidez jasotzen duten dirutzaren gainetik, segurtasuna eta eraginkortasuna jarriko balute. “Aspaldi ordainduta dagoen autopistak milioiak eta milioiak ematen dizkie bidesariari esker, (50 urte daramatzagu herrialdearen alde honetan bizi garen bizkaitarrok ordaintzen). Hori nahiago dute, Usansolotik aurrera daukaten mugikortasun seguru, azkar eta eraginkorra izateko eskubidea baino. Auto gidariek ordaindutako zergekin, Bizkaiko errepideen sarea eta bere mantenua, bestela ere, soberan ordainduta dago”. 

Komunikatuak dioenez, dagoeneko hiru istripu izan dira Zornotzako eta Iurretako ordainlekuetan, eta azken istripu latza gehitu behar zaie. N-634 errepideko istripu ugarien arrazoi nagusia, ordea, zirkulazio handia da, 26.000 ibilgailu dabiltza egunero, batez beste, asko kamioiak; bidesaria ordaintzeko zailtasunak dituztenen kopuru handi horren ondorioz, beste pertsona batek bizia galdu du.

Plataformaren ustez, ez dago arrazoirik Pradalesek eta Rementeriak , N-634 errepidean dituzten erantzukizunen utzikeria eta arduragabekeriarako; erabiltzaileak kutxatik pasa daitezela, besterik ez dute. Askoz ere zirkulazio txikiagoa duten errepideetan Bizkaiko Foru Aldundiak autobiak egiten ditu inguruko mugikortasuna hobetzeko. N-634 errepidean, kopurua hirukoiztu arren, ez da horrelakorik eta, ondorioz, istripu, zauritu eta hildakoak dauzkagu. Badirudi Pradalesek eta Rementeriak balio gutxiago ematen dietela, heriotza horiei, AP8ko diru iturriari baino.