Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Abenduan Hiruko garraiolarien protestak CNTCren lanuztearekin bat egin ez arren

Hiru, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuko 70 kide inguruk ondorengo asteetan garraioaren egoera larria salatzeko eta konponbideak eskatzeko hainbat mobilizazio egitea erabaki zuten larunbat goizean Altsasuko Iortia kultur guneko aretoan burutu zuten ezohiko batzarrean. Garraioaren egoerari buruz, oro har, eta konkretuki, kamioiei jartzen zaizkien bidesariei eta abenduaren 20, 21 eta 22rako patronalak deitu duen lanuzteari buruz jardun ziren goizeko 10.30etan hasita.

Azkenean, batzarrean bildu ziren garraiolariek zera erabaki zuten, Hiruk lanuztearekin bat egin gabe, zenbait mobilizazio egingo dituela azaroan eta abenduan garraioaren egoera latza salatzeko, eta zenbait neurri konkretu eskatzeko, besteak beste, Administrazioak Euskal Herriko garraio sarea babestu dezala, hau da, bertako enpresei zerbitzua emango dien sarea zaindu; fakturak gasolioaren prezioaren arabera berrikustea nahitaezkoa izan dadila, derrigorrezkoa eta horrekin batera, hartu ditzala lan baldintza kaxkarrei aurre egiteko neurriak ere: kooperatiba faltsuak kontrolatu eta behatu, pausoak eman ordainketak hilabete baino gehiago atzeratu ez daitezen, azpikontratazioak saihestu eta gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatu; kamioiei jartzen zaizkien bidesariak kendu eta errepideen konponketa publikoa izan dadila, hau da azpiegitura publikoak direnez zergen bidez jasotakoarekin ordaindu daitezela; erretiratzeko adina 60 urtetan izan dadin laguntzak, gaixotasun profesionalak dituzten garraiolariak jubilatzeko aukera handitzea eta lanbidean hasi nahi dutenentzat Lanbide Heziketa abian jartzea ere eskatuko dute.

Garraioaren baldintza larriak salatzeko eta egoera hori iraultzeko neurriak eskatzeko zenbait mobilizazio egitea erabaki dute Hiruko garraiolariek, azaroaren 29an kamioiei jarri zaizkien bidesariak eta sektorearen egoera salatzeko martxa Gipuzkoako Bidegiren egoitzara. 2018tik bidegabeki kobratu zaizkien bidesariak itzultzeko erreklamazioak eramango dituzte garraiolariek. Abenduan, beste bizpahiru elkarretaratze egingo dituzte, batetik ibilgailuen martxak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioaren utzikeria, laguntzarik eza, kamioiei bidesariak ezartzea eta zerga-presioa areagotzea salatzeko; bestetik kontzentrazioa Confebasken eta Nafarroako enpresarien egoitzaren aurrean, garraiolariaren gastuen igoeraren neurri berean tarifak berritu daitezela eskatzeko. 

Batzarrean argi geratu zen garraiolariei Hego Euskal Herri osoan jarri nahi zaizkien bidesarien aurkako jarrera irmoa. Lanuzteari buruz, batzarrean nabarmendu zen, greba deitu dutenen artean direla garraioaren aritzen diren flota edo enpresa handiak, hain juxtu, gaur egun garraioa egoera larrian egotearen, eta hainbat gidari baldintza kaxkarretan lanean jardutearen erantzule nagusiak eta, betiere, euren interesak garraioaren beharren gainetik jarri dituztenak. Era berean, aipatu zen garraioaren egoera muturrekoa dela, garraiolariek zailtasun handiak dituztela eta euren irabazia asko murriztu dela. Horregatik garraiolari autonomoek azken urtetan egin dituzte eskaerei eutsiko dietela eta urte bukaerara bitartean zenbait mobilizazio egingo dituztela erabaki dute.