Garraioaren sektoreko Euskal Herri osoko elkarte eta sindikatuek bat egin dute urtarriletik Gipuzkoan eta Bizkaian kamioiek ordaintzen dituzten bidesarien gastua bezeroek bere gain hartu dezatela eskatzeko, eta hori horrela izan dadin Administrazioari babesa ere eskatuko dute, hau da, horretarako tresnak abian jarri ditzala, garraiolariek eta garraioaren sektoreak ezin baitu jasan edo bere gain hartu bidesari garesti horien gastua.
Garraiolariek larunbatean Eibarren egin zuten batzar irekian argi geratu zen garraiolari askok zailtasunak dituztela fakturazioan ehuneko oso altua dakarren gastu handi hori bezeroei pasatzeko, – kasu batzuetan 28 zentimora iristen dira kilometro bakoitzeko – eta beraz bidesarien gastu hori nahitaez zamaketariek ordaindu behar dutela.
Garraiolariak argi dute, bezeroek ordaindu behar dutela bidesaria, errepidearen erabiltzailea ez baita bertan lanean diharduen garraiolaria, merkantzia baizik, eta beraz merkantziak ordaindu behar du bidesaria, zamaketariek, garraiolaria kontratatu dutenek hartu behar dute bere gain. Administrazioak, bere aldetik, kamioiei bidesariak ezarri dizkien bezala, garraioaren sektoreari babesa eman behar dio, zamaketariek gastu hori beren gain hartu eta ordaindu dezaten, eurak direlako errepidearen erabiltzaileak.
Ondorengo asteetan, aldaketarik ez badago, garraiolarien bezeroen eta Administrazioaren aldetik, mobilizazioak eta presio-neurriak planteatuko dira egoera hori aldatzeko.
HIRUk deitutako bileran hainbat elkartetako ordezkariek parte hartu zuten, Guitrans Gipuzkoako enpresen elkarteak; Bizkaiko Asotrava, Asetravi eta Transport Bilbaok; Nafarroako, Tradisna, Anatravi eta Anetek; UGT sindikatuko txoferren Uniatramc Fesmc Ugt eta Santanderko Asemtrasan elkarteak, besteak beste. Elkarte horietako ordezkariek zehaztu dute, halaber, Administrazioak erreklamazio hori babestu behar duela, eta horretarako behar diren mekanismoak aktibatu behar dituela.
Bestela, sektorea uzteko eta desagertzeko arriskuan dira garraiolari autonomoak eta garraio-enpresa txikiak, hauek eskaintzen duten zerbitzu hurbil eta eraginkorrik gabe geratuko dira Euskal Herriko gizartea eta industriak. Azken urteotan agerian geratu da ez dela sektore erakargarria gazteentzat, ez dagoela interesik ezta erreleborik garraioan, eta baldintzak aldatzen ez baldin badira garraiolari txikiak desagertu egingo direla.