ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuak berriro ere bat egingo dute, bi garraiolariren lan istripuak salatzeko. Ostegun arratsaldean hil ziren garraiolari bat Iruran kamioi barruan atseden hartzen zela seguraski bihotzeko baten ondorioz eta beste bat Zamudioko Ugaldeguren industrialdean. Kasu honetan, bere furgonetak auto baten aurka talka egin zuen, arrazoi argirik gabe, horregatik susmatzen da bihotzekoren baten ondorioz istripua gertatu aurretik hil zela gidaria.
Gertaera tamalgarri horiek salatzeko elkarretaratze bana egingo da, asteartean, maiatzaren 24an, goizeko 9.30etan Zamudioko Ugldeguren industrialdean Tamar enpresan azpikontratatuta zegoen garraiolari horren heriotza agerian jartzeko eta, asteazkenean maiatzaren 25ean eguerdian, Villabona eta Irura artean, Gasteizko noraranzkoan N1errepidearen ondoan dagoen 34 poligonoan, Villabonako tanatorioaren eta Euro Mikels garraio enpresaren ondoan. Hor inguruan aparkatu ohi zuen Iruran hildako garraiolariak bere kamioia. “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” izango da protesten leloa.
Bi garraiolarien heriotza hauekin, 29 dira jada aurten lan istripuetan hildakoak. Beraz, 29 aldiz atera dute aurten euskal sindikatuek “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” dioen pankarta, oraingoan Iruran eta Zamudion. Horietako batzuk garraiolariak dira, aurretik gutxienez beste hiru garraiolari hil dira euskal errepideetan lan istripuetan.
Aipagarria da bihotzeko gaitzek garraiolarien osasunean duten eragin handia. Badakigu istripu horietako asko ofizialki heriotza naturaltzat hartzen direla. Sindikatuek behin eta berriro salatu dute, garraiolarien lan-istripuen estatistikak murrizten saiatzen direla, askotan heriotzak heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta. Dena den, horrelako gertaerak, sindikatuen ustez, zalantzarik gabe, lan-istripuak dira.
Garraiolarien heriotza gehienak lan baldintza kaskarren ondorio dira. Tentsio eta estres mailak bihotzean arazoak eragiten ditu. Horregatik, diogu, garraiolarien artean gaitz kardiobaskularren kopuru, ondorio eta eragin handia aintzat hartu beharko litzatekeela lan osasun eta prebentzio betebeharretan. Azken finean lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera hauek.