Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bizkaiak atzeratu egin du Ticket Bai sistemaren derrigortasuna garraiolari autonomo, enpresa txiki eta ertainentzat

Gipuzkoa eta Araban jada martxan dagoen Ticket Bai sistema, Bizkaian Batuz deitua, atzeratu egingo du herrialde honetan Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak garraiolari autonomoentzat, mikroenpresentzat eta beste enpresa txiki eta ertain batzuentzat. Arduradunen ustez denbora gehiago behar dute zerga-sistema berrira egokitzeko. Garraiolarien kasuan, Batuz sistemarako sarbidea sei hilabetez atzeratuko da 2024ko uztailaren 1era arte. 

Nolanahi ere, borondatez sistema hori erabiltzen eta haren bidez zergak ordaintzen hastea erabakitzen dutenek onurak izango dituzte: % 10eko konpentsazioak PFEZn edo Sozietateen gaineko Zergan, eta Batuz sisteman sartzeko egindako inbertsio eta gastuen %30eko kenkaria, 2024 eta 2025eko zergaldietan. 

Bizkaiko Foru Ogasunak malgutu egingo ditu, beraz, Batuz sistema ezartzeko epeak; hasiera batean 2024ko urtarrilaren 1erako aurreikusita zegoen, baina atzeratzea erabaki du, egiaztatu ondoren zergadun asko data horretan ez direla prest egongo. Beraz pixkanaka egingo da datozen bi urteetan, egokitzeko zailtasun gutxien duten zergadunetatik hasita. Momentuz, garraiolari autonomoei 2024ko uztailaren 1eko data jarri zaie, nahitaez Batuz sistemara sartzeko. Urtarrilean enpresa handiak soilik daude derrigortuta. 

Batuzen betebeharretik libratu ahal izango dira derrigorrez hasteko datatik hiru urtera jarduera uzteko asmoa edota urte betean desagertzeko asmoa duten garraiolariak. Baldin eta sozietateen gaineko zerga ordaindu eta sistema berrira egokitzeko beharrezko ekipoak erosteko eta abian jartzeko inbertsio eta gastu handiak egin beharra dutela justifikatzen badute. 

Batuz sisteman borondatez sartu eta horren onurez baliatzeko asmoa dutenek, formulario bat beteta jakinarazi beharko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Behin hori eskatuta ezingo dute atzera egin, horretarako sortutako zergadunen erregistro batean sartuko dute, eta sei hilabetera hasiko da beherapenaz baliatzen. 

Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azpimarratu du Batuz proiektu estrategikoa izanik, zergadunari denbora ematea erabaki dutela, epeak arintzea, alegia, sistema berriak aldaketa sakona dakarrelako enpresa, profesional edota autonomoaren kudeaketa ereduan. Gainera, hauen azken hilabeteotako krisi egoera areagotu egin da gastuak eta diruaren prezioak gora egin dutelako. Beraz, 2024ko urtarrilaren 1ean Batuz enpresa handientzat bakarrik izango da derrigorrezkoa.

Batuz sistemak berekin dakar jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona guztiek beren negozioen kontabilitatea Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan eramateko betebeharra, Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburuaren bidez. Zergadunek, derrigorrez, Ogasunari jakinarazi beharko diote beren salmenten (TicketBai sistemaren bidez fakturatuak) eta diru-sarreren berri, bai eta beren jarduerarekin lotutako erosketen eta gastuen berri ere.