Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bizkaiko Batzarrek kamioiei bidesaria ezarrita garraiolariak estutu dituztela salatu dute bidesarien aurkako plataformek

Bidesarien aurkako plataformek EAJ eta PSE alderdietako ordezkarien politika ultra liberala kritikatu dute, Bizkaiko bigarren mailako bost errepidetan kamioiei jarriko zaizkien bidesariak onartuta garraiolariak gehiago estutu dituztelako. Euren ustez, “hasiera batean kamioientzat, baina ziur aski ibilgailu guztientzat jarriko dute gerora, Gipuzkoan A-636 errepidearekin gertatu den bezala.

AP68 Dohainik, A636 Peajerik EZ eta AP8 Peajerik EZ bidesariaren aurkako plataformek “Bizkaiko Batzar Nagusiak: dena diruarengatik” izenburua duen oharra argitaratu dute. Bertan adierazten dutenez, Gernikan solemnitatez bildu eta batzarretan onartutako arau berria, “beste urrats bat da finkatu duten politika ultra liberalean”, helburu jakin batekin, garraiolariak gehiago estutzea, bestela ere zahartu eta nekatuak dauden arren eta bere jardunean jarraitzeko zailtasun handiak dituzten arren. “Luze gabe, araudi hori hedatu eta beste zerga bat bilakatuko da;  Bizkaiko gidari guztiek ordainduko dute”. 


Euren ustez, «arauak estrategia bati erantzuten dio, gidariek ordaindu dezatela errepidea erabiltzeagatik; bidesarien gainzergaren bidez guztiak odolusten jarraituko dute. Jakina da gidariok eta batez ere garraiolariek, zerga ugari ordaintzen dituztela, gehien erregaia hartzerakoan, eta esan daiteke foru kutxa eta zakua betetzeko diru-iturri nagusia izango dela laster”. 

Imanol Pradales Azpiegituretako diputatuaren jarrera kritikatu dute Plataformek; “etikarik eta arrazoibiderik ez daukala agerian utzi duelako berriro ere, zera esatean, `arau-proiektu hau Europako zuzentaraua betetzeko da´ Oker ari da, gezurretan, jakinaren gainean izan arren, Europako Batzordeak ez baitu estatu kiderik behartzen bidesariak ezartzera. Pradales jaunarentzat, eta haren buru Rementeriarentzat, gezurra eta engainua ohiko argudioak dira zergadunaren poltsikoan eskua sartzen jarraitzeko”.

Era berean, EH Bilduren eta Podemosen “beharrezko laguntza” kritikatu dute, “abstenitu egin baitira herritarren aurkako eraso berri horren aurrean. EAJrekiko eta haren konpartsa PSErekiko alde handirik ez dute. Garraio arloko profesionalei egingo zaien lapurreta arintzeko eurak diruz laguntzeko neurriak eskatu dituzte EH Bilduk eta Ahal Duguk, asko zehaztu gabe. Topa egin dute eguzkitan, gai honetan erakutsi dituzten hutsuneak eta eskuinarekiko morrontza ezkutatzeko”.

Azkenik, plataformek nabarmendu dute jarraiutuko dutela foru arau berri honen atzean dagoen benetako helburua eta bidesarien negozio iluna salatzen. “Bide batez, esan, zerga berri hau onartzera Gernikako Batzar Nagusietara joan ziren ordezkariak ez zirela autobusez joan, esaten duten bezala. Autoz joan ziren, gehienak gama altuko ibilgailuetan autobidetako black txartela aldean zutela”.