Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bizkaiko Hiruren bulegoa eta Bideko Aterperen zerbitzuak zabalik Larrabetzun

Bideko Aterpek gasolindegia eta Hiru sindikatuak bulegoa ireki ditu Bizkaian, Larrabetzuko Sasine industrialdean (Utza kalea 7). Abenduaren 11tik Bizkaiko garraiolariek bertan eskainiko diren zerbitzuez baliatzeko aukera izango dute. Astelehenetik ostiralera goizeko 6.00tik arratsaldeko 20.00ak arte irekita egongo da eta itxita dagonean ere erabili ahal izango dira gasolindegia, kafe makina, komun eta dutxa, 24 orduz egunean, beraz.

Sei kale izango ditu instalazio berriak, bi auto eta furgonetentzat, gasolina, gasolio A eta Adbleu hornitzaileekin, eta lau kale kamioientzat gasolio A, gasolio B eta Adbleua ibilgailuen bi aldeetatik batera hartzeko prestatuak, isuri handiko hornitzaileekin, gainera, 130 litro minutuko ematen dutenekin.

Gasolioa, esan bezala, 24 orduz hartu daiteke. Zabalik da atseden gune bat ere, kafe makina, komun eta dutxekin, azken hauek bazkideek euren txartelarekin erabiltzeko. Bideko Aterpe eta Hiruren eraikin berrian ikastaro edo bilerak egiteko gela bat ere egokitu dute. Bulego berrian garraiolariek behar izaten dituzten produktuak ere salduko dira, besteak beste, nazioarteko garraioan aritzeko beharrezko den CMR agiria, porte-karta, eskularru eta diskoak.

Erregaiaren kalitatea zorrotz zainduko du Bideko Aterpek, produktu bio-zidak, hau da, bio-pozoiak erabiliko ditu lizun, alga eta beste bakteriak saihesteko; baita ura xurgatzen duten filtroak ere, erregaia garbitzeko. Aldiro azterketak egingo ditu kanpoko laborategi batek, salduko den produktuaren kalitatea baieztatzeko eta deposituen egoera, horien herdoiltze-egonkortasuna zein mikro-partikula, zikinkeria, ura eta abarren presentzia behatzeko.