Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

CAP ziurtagiriaren balioa luzatu egingo du Garraio ministerioak

Covid19 birusak eragin duen krisia dela eta, garraio arloko CAP Gaitasun Profesionalaren ziurtagirien baliotasuna luzatu egingo dela iragarri zuen martxoaren 4an Garraio Ministerioak. Gehienera 10 hilabetez atzeratuko da ziurtagiriak berritzeko derrigortasuna.  

Aurreko irailaren 1aren eta hurrengo ekainaren 30aren artean iraungitzen diren txartelak baliagarriak izango dira txartelean ageri den iraungitze datatik aurrera, beste 10 hilabetetan. Epea zertxobait laburragoa izango da, aurretik zazpi hilabeteko luzapenaz baliatu ziren garraiolarientzat. Maiatzeko atzerapena erabili zutenek, sei hilabete gehiago izango dute, ez hamar. Gainera, ezin izango dute uztailaren 1eko muga gainditu. 

Omnibus izeneko europar araudi berriak finkatzen ditu Europar Batasunean garraio arloko baimen, ahalmen eta ziurtagirien baliotasuna luzatzeko dauden aukera eta epeak. 

Industria eta Barne ministerioek adierazi dutenez oraingoz ez dira luzatuko, hurrenez hurren, IAT eta gida baimenen balioa. 

Cap ikastaroa 

Hain juxtu, CAP Gaitasun Profesionalen Ziurtagiria berritzeko ikastaroa antolatu du Hiru, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak Lasarte-Orian martxoaren 19, 20, 21, 27 eta 28an. Ikastaro honetan erabiliko da lehen aldiz, martxotik derrigorrezkoa den kontrol biometrikoa. Garraio ministerioak eta foru aldundiek ikastaroetan parte hartuko duten garraiolarien kontrola areagotuko du, hatz marka, aurpegiaren irudi eta antzeko parametroak erabiltzen dituen sistema honen bidez. Ikaslearen datu biometrikoak, ikastaroko sarrera zein irteeraren informazioarekin batera, fitxa batean jaso eta Garraio Zuzendaritzara bidaliko da.