Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Deskargan peajerik ez jartzeko eskatu du Hiruk

Ehun ibilgailu inguruk parte hartu du gaur larunbata goizean Deskargan Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri nahi duen bidesariaren aurkako protestan. Hiru sindikatuak eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak deituta hainbat kamioi eta autok  Ormaiztegi eta Bergara arteko joan etorria egin dute, Urretxuko Mugitegi industrialdetik 10.00etan Deskarga aldera abiatuta. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Deskargan jarri nahi duen bidesariak argi erakusten du Ogasun arloan eta dirubilketan darabilzkien politiken porrota. Hiru sindikatuek egindako kalkuluen araberan hidrokarburoen zergaren bidez jaso behar lukeena baino 200 milioi euro gutxiago jasotzen ditu Gipuzkoak urtero, zerga hori erregaia erosten den tokian ordaintzen baita. Dirutza hori galdu eta, papurrak bildu nahi ditu Gipuzkoako Ogasunak, Bergara eta Beasain artean inguruan bizi direnek eta garraiolariek ordainduko duten bidesaria jarrita.

Garraiolari autonomoek ez dute ulertzen nola gehitu zaien beste gastu bat koro-birusarengatik bizi dugun krisi garaian. Horrela, beste sektore batzuei laguntzak ematen zaizkien bitartean, garraiolariei, aldiz, bidesari berria jarrita, beste gastu bat sortu zaie, jakinda, oso zaila dutela gero bezeroei gastu hori fakturan gehitzeko.

Deskargan bidesaria jartzeak argi erakusten du, aldi berean, Gipuzkoako agintariak gezurretan ari direla, errepideak kanpotarrak ordaindu ditzatela esaten dutenean. Deskargako bidesaria bertakoek ordainduko dute, Goiherri, Urola eta Deba bailaratako enpresetara lanera joaten direnek, eta lantegi horiek behar dituzten materialak eramaten dituzten garraiolariek.