Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Eguraldiak ez du zapuztu Deskargako bidesariaren aurka Urretxu eta Zumarragan egindako manifestazioa

Garraiolari autonomoen Hiru sindikatua eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataforma kalera atera dira gaur eguerdian Urretxu eta Zumarraga kaleetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Deskargan jarrita daukan bidesariaren aurkako jarrera adierazteko. Eguraldiak ez du zapuztu eta jende mordoxka bildu da goizeko 11:00etan bi herriak lotzen dituen Pirulotik abiatu den manifestazioan, apirilaren 2an, larunbatean.

Bai, A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformako kideek zein Hiru sindikatukoek, Aldundiaren diru premia eta daukan zuloa bidesariarekin betetzeko grina nabarmendu dute. Plataformak sinadurak bildu ditu Aldundiari bidesariaren egitasmoa albo batera uzteko eskatzeko. Hiruk salatu du Aldundiak duela urte batzuk hartutako bidea, “zakua bete nahi du bidesarien bidez dirua bilduta.

Horren aurrean, Hiruk jarrera argia du, errepideak guztiok erabiltzen ditugun ondasun publikoak baldin badira, finantzaketa ere publikoa izan behar dute. Eta Deskargako kasu konkretuan, ikusten dugu berriz ere garraiolariak zigortzen direla: kamioiek bikoitza ordaintzen dute, ez dute deskonturik eta ezin dira Deskarga mendateko errepide zaharretik ibili. N1 et A15ean 2018tik bidegabeki kobratutako bidesariak ez ditu Aldundiak itzuli eta ez du itzultzeko asmorik. Agintariek asko hitz egiten dute garraiolariek egiten duten zerbitzu publikoaz eta funtsezko lanaz, baina gero ez dituzte bultzatzen ez babesten eta, are gehiago, zigortu egiten dituztela esango genuke”. 

Manifestazioaren ondoren gogoratu dute Gipuzkoan eta Bizkaian hilabete batzuk barru jarriko direla kamioientzako bidesariak, Gipuzkoan N1 eta A15 ibilbide osoan, eta Bizkaian, bigarren mailako hainbat errepidetan, aldapa handia eta bihurgune arriskutsuak dituen Barazarko mendatean ere bai. Garraiolariak geldi zeudela, 50 milioi euroko aurrekontua onartu dute kamioiei bidesaria jartzeko. 

Aldundiak dio kamioiak autopistetara bideratzeko helburuarekin jarriko duela bidesaria bigarren mailako errepideetan. Garraiolariek ez dute ulertzen “aitzakia” hori, benetan kamioiak autopistara eramatea erraza baita euren ustez, “autopistan bidesaria kendu eta kitto”, Dena den argi ikusten da Administrazioaren dirua biltzeko premia eta grina.